'El hombre que amaba los platos voladores': estralurtarrak, hedabideak eta gezurrak
“Erdi jenio, erdi boludo“, halakoxea da Jose de Zer kazetari argentinarra (Leonardo Sbaraglia). Cordoba eskualdeko La Candelaria herriko burges batzuen bisita jaso du, eta berak entzun nahi zuena esaten diote: objektu hegalari ezezagun baten (OHE) marka topatu dute Cerro Uritorco mendian. Hara doa, Chango kamerariarekin, Argentinako historian “inoiz kontatu gabekoa” kontatzera.
Telebistako erredakzio buruarekin eztabaidan, ez dute oso argi ikusten ea kontatzera doazena egia den edo zer. “Baina zer da egia?”, galdetzen du de Zerrek. “Egia da errealitatean gertatzen dena. Hori zioen Jeneralak”, erantzuten dio; “Baina Jenerala hilda dago”. Une irrigarria da, eta zinema aretoan, nire ondoan eserita zegoen gizonak esan dit: “Eso fue verdad en la realidad“. Eta nik, “Zeinek esan zuen, Videlak?”. Eta berak: “Hablas castellano? Yo soy argentino, te digo que esta historia pasó de verdad“.
Eta horixe da harrigarriena. Benetan gertatu zela Uritorco mendiaren inguruan saltsa hau guztia. De Zer eta Chango sei hilabetez egon ziren estralurtarren “frogak” topatzen. Noski, tarteka, frogaren bat asmatu behar izaten zuten: ilea zuri geratu zaion umea, harrietako marrazkiak, argiak ikusi dituzten bizilagunak… Eta noski, gezurrak gezurra dakarrenez, biderkatzen hasi ziren objektu hegalariak eta fenomeno paranormalak ikusten zituzten herritarrak.
Eta oraindik ere halaxe dela kontatu dit lagun argentinarrak: “Energietan sinesten duen jende asko joaten da oraindik La Candelariara, eta harrien azpian egoten da egun luzez”. Burgesia turistikoak lortu zituen bere helburuak.
Hedabideek errealitatea sortzen zuten XX. mendean. Nahikoa zen albistegietan ateratzea, herrialde oso bat dantzan jartzeko.
Zer, eta egun ez? Horrenbeste aldatu dira gauzak?