Etxebizitzaren desmerkantilizazioa aldarrikatu dute
Donostiako hainbat herri eragilek elkarretaratzea egin zuten ostegun arratsaldean Ijentea kalean, Donostian luxuzko etxebizitzak eraikitzearen aurka eta etxebizitza eskubidearen alde. Donostia pairatzen ari den “turistifikazio prozesu basatia” salatu zuten, baita “hiria salerosten” ari direla ere.
Hiriko turistifikazio prozesuak “izen-abizenak dituzten erantzuleak” dituela salatu zuten: “jabe handiak, errentadunak, banketxe zein inbertsio funtsak, eraikuntza enpresak, enpresari zein patronalak eta hauen mesedetara jarduten diren politikari profesionalak. Hauek guztiek osatzen duten bloke politikoa hiria salerosten ari da, ondare historikoa suntsituz eta donostiarron biziraupenerako oinarrizko elementuak merkantzia bihurtuz”.
Ildo beretik, nabarmendu zuten horrek guztiak “ondorio zuzenak” dituela langile klasearengan: “Gentrifikazioaren bidez, jendea euren auzoetatik kanporatua izaten ari da, besteak beste. Gainera, agintari politikoen funtzioa salatzea ere ezinbestekoa zaigu, udal politikak gehiengoaren bizi baldintzak hobetzera bideratu beharrean, burgesiaren kapital metaketa lehenesteko erabiltzen dituztelako. Prozesu honen adibide dira hotelen, pentsioen, etxebizitza turistikoen, multinazionalen edo souvenir denden ugaritzea, espazio publikoaren erabateko pribatizazioa eta etxebizitza prezioaren igoera mugagabea, besteak beste”.
Luxuzko etxebizitzak fokuan
Azken hilabeteotan, hainbat luxuzko etxebizitzen inguruko Donostiako proiektuak publiko egin dira, eta problematika horretan jarri zuten fokua elkarretaratzean: “Ez dira gutxi, urte luzez bertan bizitzen egon diren bizilagunak kanporatu, etxebizitzak erreformatu eta milioika euroan saltzen ari diren jabeak; Elkano kaleko Harribitxi, Ijentea kaleko luxuzko etxebizitzen eraikuntza, Azora zein Blackstone funts putreak eta Telefonicako eraikinaren kasuak honen adibide argiak direlarik”.
Hori dela eta, “Donostiako etxebizitza mugimendua indartzen” jarraituko dutela iragarri zuten, “kapitalaren irabazi asmoak ezin direlako lege erreformen bidez gelditu”. “Etxebizitzaren erabateko desmerkantilizazioa lortu eta etxebizitza eskubide unibertsal eta doakoaren izan arte antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu”, gaineratu zuten.