Pedro Almodovarrek ere jaso du bere Donostia Saria
Pedro Almodovar zinemagileak Zinemaldiaren 72. edizioko bigarren Donostia Saria jaso zuen atzo Kursaalean, Tilda Swinton antzezlearen eskutik. Askatasunaren defentsa sutsua egin zuen Almodovarrek ekitaldian, fikzioan zein errealitatean, Errealizadore Berriak sailean debuta egin eta 44 urtera.
Bere hitzaldian, Almodovarrek esan zuen bere “zinemarekiko pasioak” norabide bat eman diola bere bizitzari, eta, ziurrenik, arrisku askotatik salbatu duela. “Nire adinean, Donostia Sariak adieraz dezake bide baten amaiera, bide hori egin izanagatik emaniko aintzatespena, baina nik ez dut horrela bizi. Niretzat zinema bedeinkazioa da, edo madarikazioa. Ez zait bururatzen bestelako bizimodurik, ez bada idaztea edo zuzentzea”, adierazi zuen.
“Nire bokazioa indartsuagoa izan da ni neu eta inguratzen nauen guztia baino, eta halaxe jarraitzen du izaten”, esan zuen, honakoa gaineratu aurretik: “Lanbide hau munduko onena da eta merezi zuen ni lanbide horri lotzea, inolako mugarik gabe. Inoiz baino gehiago da zinema nire bizitza, eta nire bizitzak ez luke zentzurik zinemarik gabe”.
Herenegun 75 urte bete zituen Almodovarrek, aholku bat emanez bukatu du hitzaldia: “Egin dezagun ahal dugun guztia fikzioaren munduan uzteko eguneroko mina, ulertezintasuna, gezurra, enpatia falta, injustizia soziala, gorrotoa, imajina daitekeen ezezkotasun guztia, eta, aldiz, modu bidezkoan eta bakean eraiki dezagun bizitza erreala, biziki entreteniturik gure pantailetan bakarrik existituko diren fikzioekin. Badakit gehiegitxo eskatzen dudala, baina beti izan da horrela, 1970ean filmak zuzentzera dedikatu nahirik Madrilera iritsi nintzenetik. Eskerrik asko sari honengatik eta eskerrik asko entzuteagatik”.
Aurtengo edizioan banatu duten azken Donostia Saria izan da Almodovarrena. Aurreko ostiralean, 72. Zinemaldiaren inaugurazio galan Javier Bardemek jaso zuen saria —izatez, iaz jaso behar zuena—, eta aurtengo lehenengoa, berriz, Cate Blanchett aktoreari eman zioten, aurreko larunbatean.