Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu dute, hiri bizigarri baten alde
Gaur (irailak 27) Turismoaren Nazioarteko Eguna da, eta, horren aurrean, Turistikazioaren Aurkako Urria egitasmoa antolatu du Bizilagunekin plataformak, hainbat jarduerarekin.
Iaz egin zuen moduan, Turistifikazioaren Aurkako Urria egitasmoa Turismoaren Nazioarteko Egunean iragarri du Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko Donostiako plataformak. Hain zuzen ere, “hausnarketa, umorea, eztabaida eta aldarrikapenaren bidez desazkunde turistikoaren alde indarrak biltzen jarraitzeko”, jarduera ugari antolatu dituzte: “Turistifikazioarekin aberasten eta donostiarrongan kalteak eragiten ari direnei muga jartzeko unea da. Herritarron antolakuntzak eta borrokak soilik ekar dezake hiri ereduaren aldaketa, beranduegi izan baino lehen. Donostiarrei dei egiten diegu Turistifikazioaren Aurkako Urrian parte hartzera”. Honakoa da egitaraua:
- Urriak 9, asteazkena: Nola eragiten digu Donostiaren turistifikazioak? tailerra, unibertsitate ikasleekin. 17:30ean, Ibaetako campuseko HEFA Fakultatean.
- Urriak 17, osteguna: Bisita gidatua, Sarriegi plazatik abiatuta (18:30): Ezagutu Donostiako ohitura berriak.
- Urriak 19, larunbata: Autobusa, bisita eta manifestazioa, Guggenheim Urdaibai Stop! lelopean. 12:00eta, Maria Cristina hotelaren paretik.
- Urriak 22, asteartea: Herreran ere badago turistifikazioa? solasaldia, 19:00etan, Herrera K.E.-n.
- Urriak 23, asteazkena: Intxaurrondon ere badago turistifikazioa? solasaldia, 19:00etan, Plazara Goaz euskara elkartearen lokalean, Bernart Etxepare plazan.
- Urriak 27, igandea: Manifestazioa, 12:00etan, Alderdi Ederretik, Donostia desazkunde turistikorantz! lelopean.
Turismoaren Nazioarteko Egunaren bueltan, bestalde, turismoaren zuriketa salatu dute: “Beste behin ere, diskurtso triunfalistak entzuten ditugu, zuriketa berde eta turismo hitzarekin batera doazenean esanahirik ez duten terminoz beteak: jasangarria, arduratsua, enpatikoa, eta abar. Turismo jardueraren gizarte, ingurumen eta klima inpaktuen salaketa ukatzen, minimizatzen edo aktiboki baztertzen duten diskurtsoak. Aurten, gainera, NBE Turismoak ausardia izan du irailaren 27rako Turismoa eta Bakea gaia aukeratzeko. Turismoaren Nazioarteko Eguna Palestinarekiko elkartasunez eta Israelgo Estatuaren genozidioaren aurka deitutako greba orokorrarekin bat etortzeak kontraesan lizun hori nabarmenago baino ez du egiten. Baina, beste urte batez, Europa Hegoaldeko hainbat lurraldek salatzen ditugu inpaktu horiek guztiak, eta, mobilizazio edo ekintza sinbolikoen bidez, eredu ekonomikoa aldatzeko proposamenak egiten ditugu, sektorea kontrolatzeko, desazkunde turistikorako, ekonomia dibertsifikatzeko eta abar”.
Era berean, nabarmendu dute “gero eta gehiago eta indartsuagoak” direla turistifikazio prozesuen aurka mobilizatzen ari diren lurraldeak: “Aurten, Turistifikazioaren Aurkako Europako Hegoaldeko Sareari (SET) Bizitzeko Hiriak eta Herriak taldearen sorrera gehitu behar zaio, turistifikazioaren aurkako mobilizazio jendetsuak egin dituzten lurralde askoren aliantza. Ekintza bateratuez gain, modu koordinatuan ari gara lanean, mobilizazio handiak, gure erakundeen topaketak, estrategia partekatuak eta abar egiteko. Aipatutako mobilizazioetan esan zen moduan, gure lurraldeek mugak dituzte, eta planetak ere bai; ustiapen turistikoa gainditzen ari da, eta lurraldeak prozesu horiek gelditzeko eta iraultzeko antolatzen gara”.
Goranzko joera etengabea
Donostiako Udala turismoaren sektoreari eragiten dioten neurri batzuk hartzen hasi da azkenaldian, baina Bizilagunekinek salatu du turismoak goranzko joeran jarraitzen duela hirian: “Donostian, Eustatek argitaratutako datuen arabera, 2024ko uztailean eta abuztuan bisitarien sarrerek, gaualdiek eta eguneko batez besteko prezioek gora egin dute. Beste uda bat errekorra hausten, industria turistikoak ospatzen duen hazkunde etengabean. Donostiarrok, ordea, ezer gutxi daukagu ospatzeko. Izan ere, gutxi batzuentzat industria hau urrezko arrautzen oiloa da, baina gehiengoarentzat ito egiten gaituen eredu ekonomikoa besterik ez da. Auzo turistikoenetako kaleen masifikaziotik haratago, bizitzaren garestitzea, auzotarren kanporatzea, aisialdiaren elitizazioa, etxebizitza eskubidearen urraketa, eta abar, lehen begiratuan ikusezinak diren egiturazko arazoak dira eta auzo guztietan hedatuta daude. Hiri osoa turistifikatuta dago eta horri lotutako arazoak dira”.
Gaineratu dutenez, “bereziki, luxuzko turismoaren eragina pairatzen” ari da Donostia: “Gero eta eskaintza turistiko esklusiboagoa eta garestiagoa sustatzen da, poltsiko aberatsenak erakartze aldera. Esango digute ‘kalitatezko turismoa’ dela, masifikazioa saihesteko formula; baina guk kalitatezko bizitzak aldarrikatzen ditugu: etxebizitza eskubidea, lanpostu duinak, auzo biziak eta denontzako kultur eta aisialdi eskaintza. Ekonomikoki eta sozialki justua den hiri batean bizi nahi dugu”.