'Turn me on': emoziorik gabeko gizartean bizitzen ikasten
Ideia on bat askotan ez da zertan gidoi on bat izan. Turn Me On erdibidean dago, gidoia ona izan arren, hasierako ideia mundiala delako. Distopia —jada— nahiko tipikoa: korporazio batek komunitate itxi eta perfektua diseinatu du, sufrimendurik gabekoa. Bertako kideek, egunero, bitamina batzuk hartuko dituzte sentimenduak apaltzeko.
Huxleyren Bai mundu berria eleberriaren ildotik tiraka, eta filosofia moralaren eta politikoaren arteko ohiko galdera. Nola eraiki sufrimendurik gabeko gizarte bat? Denak balio du? Zer da hobeto, sufrimendurik eza edo askatasunik eza?
Filma Joyrengan zentratzen da. Bizitza normala darama, beti “alai” (content, originalean). Egun batean, ordea, bitaminak hartzeari uzten dio, medikuaren aginduz, eta mundua sentitzen hastearekin batera, kuriositatea pizten zaio, eta bizitzeko gogoa. Esleitu dioten bikotekidea bitaminak hartzeari uzteko konbentzitzen du. Eta bizitza deskubritzen dute. Barre egitea, naturaren plazera, arauak haustea… eta sexua.
Kontua da, ba al da gizakiaren “zero” punturik? Zer da ikasitakoa eta zer da desikasten dena? Heteroaraua kulturala da edo berezkoa? Eta jeloskortasunak? Laguntzeko bulkada? Pelikulak harreman sexu afektiboak “esploratzen” ditu bakarrik. Baina badira bestelako bulkadak, filmean ikusteko denborarik ematen ez dutenak.
Ez da horren muturrera joan behar esperimentuarekin, akaso. Gure gizartean ere dikotomia hau existitzen baita. Dagoenarekin konformatzen diren horiek eta arauetatik pixka bat harago joan behar dutenak. Egoera erdi narkotikoa asumitzen dutenak eta errusiar mendiak direnak. Egonkortasuna nahi dutenak eta beti beste zerbait dagoela sinisten dutenak. Dugunak, alegia.