Zinemaldian gertatzen direnak (eta gertatuko ez direnak)
Bihar amaituko da 72. Zinemaldia, eta bat baino gehiago triste jarriko den arren, ez dira gutxi poztuko direnak. Langileak, orokorrean. Filmez eta sariez harago, badago zer kontatu egun hauetan.
Zinemaldiko txaloez hitz egingo dugu gaur. Badakizu, filmaren aurreko sintonia entzuten denean, Zinemaldiko sail guztien irudiak agertzen direnean, jendea txaloka hasten dela, ustez, musikaren erritmora. Eta ustez diot, ez delako erritmora-erritmora joaten. Lotsati moduan doaz txaloak gehitzen, eta —norbaitek pulamentu apur bat jarri beharko luke hemen— inork ez daki noiz bukatzen den. Dena protokolizatuta dagoen festibalean, ados gaude jarri beharko litzatekeela keinu txiki bat, «nahikoa» dela ulertzeko, ezta? Bateria break bat, edo nik zer dakit.
Edonola, zer iritzi honi buruz? Zeren askok begiratzen dute halako lotsarekin, edo, okerrago, hantustearekin, esanez bezala: «Ui, erdipurdiko jende hau, zer baldar, zer trauskil, zer zakar, zer arrunt». Edo okerrago: «Zer kaskarkeria». Ba, esango dizuet: nik ez dut txalorik egiten, kosta egiten zaidalako horrelako espazio bertikaletan horizontalki parte hartzea, baina egia esan —eta egiazki diot—, pozgarria egiten zait horrelako ekintza xumearekin ikusleek hartzen duten poz txiki hori. «Joie de vivre», horixe da hitza —badakizue, epelkeriaren kontra, eta abar, eta abar—.
Hiru ohar Zinemaldiaz
Denetarik ikusten da Zinemaldiko zortzi egunotan, eta behin erradiografia eginda, nota pare bat ekarriko ditut. Bata: adina eta egoera sozioekonomikoa. Lehenengoa altua oso; bigarrena, erdi altua. Ez da aberatsen jaialdi bat, Europako maila honetako jaialdiekin alderatuta, baina ez da langileentzakoa ere. Oro har, langabetuena izan ohi da, edo hobe esanda, erretiratuena.
Bigarren oharra: euskararen presentzia. Urteak daramatza Zinemaldiak urrats txikiak eskaintzen euskararen normalizaziora bidean. Azpitituluak euskaraz daude Sail Ofizialean, eta, aurten, lehenengo aldiz nire bizitzan, gazteleraz ez zegoen bat ikusi ahal izan dut. Hau da, txineraz zegoen filmak ingelesezko eta euskarazko azpitituluak zituen, eta ez nituen, handi-handi, gaztelerazkoak irakurri behar izan. Eta ez hori soilik, jende mordoa entzuten da Zinemaldian euskaraz hitz egiten. Hor gurutzatu behar dira ondo klasea, kapital kulturala eta bestelako arrazoiak, baina euskararen kale erabilerak gora egiten du egunotan —horrek edozer esan nahi duela ere—, behintzat nire belarrietan.
Hirugarren oharra: kazetaritza lana. Lehen aldia dut prentsa akreditazioarekin Zinemaldian, eta denetik ikusi dut. Prentsarako prestatuta (ejem) dagoen pasilloan, lehenengo egunetik aurrera, jendea hasi da elkar ezagutzen. Ez da harritzekoa, batzuk 9:00etatik 21:00ak arte egon gara eta bertan. Beste batzuk —dena esan beharra dago—, doako kafearen postura osteratxoak egitean dute interesa jarrita. Networking deitzen diote, itxuraz. Edonola ere, harrigarria zait kazetaritza eredu berrien gaia. Edo bestela esanda: teknologia berrien garaiko kazetaritza. Zenbat eta zenbat kazetari, haiek bakarrik lan guztia egiten: mugikorrarekin bere burua bideoan grabatu, kritika idatzi, argazkiak atera… Soineko gorri elegantea duen kazetaria ikusi dut, alfonbra gorri elegantean galderak egiten aritu ostean, bere bideoa editatzen, korrika eta presaka. Zeren bai, mundu guztia dabil korrika hemen: «14:00etan bukatu dut, zer edo zer jan, eta 16:00tako beste pelikularen aurretik entregatu behar dut», «atzo hiru pelikula, gaur lau, eta oraindik prentsaurrekotara joateko eskatu didate»… Lan guztien moduan, kanpotik ikusten ez direnak ikusten dira barruan.
Zer uzten du hirian?
Harrigarria da Zinemaldia. Gutxik dakite, baina munduan A mailako bost festibal baino ez daude: Cannes, Berlinale, Venezia, Locarno eta Donostia. Mundu osoko filmik zoragarrienak primizian ikusteko pribilegioa dugu (batzuek). Bere parafernalia guztiekin ere, herrikoitasun puntua mantentzen saiatzen den festibal bakarrenetakoa dugu hau.
Zinema plazera da, baina Jazzaldiarekin gertatzen den moduan, galdera eragiten dit: zer uzten du hirian? Zinemaren inguruan sortzen ari da industriatxo bat Euskal Herrian, eta Donostia du epizentro, Tabakalerako «ekosistemarekin». Baina zer uzten du hirian? Esan nahi dut: zezenketen inguruko eztabaidak areagotu al dira eta hirian zezenketak debekatuko al dira? Lan esplotazioaren aurrean antolakuntza berririk ikusiko al dugu? Muga jarriko al zaio espekulazioari edo Palestinako sarraskiari —gala barruan eta kanpoan aipatu zenez—? Sexualitatea esploratuko dugu, heteroarauaren gainetik? Zaintzak utziko dio emakumeen gaia izateari? Eta gizonak gizon izateari? Zer dio Nevenka Fernandezek Johnny Deppez? Zer zinema argentinarrak zinema palestinarraz?
Galdera zehatzagoa da. Inori axola al zaio zinemak kontatzen duena, zinematik ateratzerakoan?