Anoetako belodromoaren estalkia berritzen hasiko dira
Bihar hasiko dituzte Anoetako Antonio Elorza belodromoaren estalkia berritzeko lanak. Donostia Kirolak pasa den apirilean iragarri zituen lanak, eta estalkia urtea bukatu baino lehen berritzea aurreikusten dute.
1,4 milioi euro bideratuko dituzte instalazioak dituen itoginen arazoa behin betiko konpontzeko. Horietatik 530.000 euro Gipuzkoako Aldundiak jarriko ditu, kirol ekipamenduetarako diru laguntzen bitartez. Gainerako 870.000 euroak udalak ordainduko ditu.
Egungo estalkia osatzen duten PVC xaflen bi geruzak kendu eta horien ordez FPO xaflak jarriko dituzte. Etorkizunean plaka fotovoltaikoak jartzeko aukera ematen duen materiala da. Nabarmendu beharreko beste datu bat da material horren fabrikatzaileak eskaintzen duen berme epe luzea (25 urte).