Arriaga oinetxeari zor dio izena
Altzako Arriaga Serafinak jaietan paseo historikoa egin dute, Harria parketik abiatuta. Askorako eman du Altzako Historia Mintegiak gidaturiko ia bi orduko txangoak.
Auzotarrak elkartzea beti da albiste ona. Egitasmo bat aurrera eramateko, arazo bati aurre egiteko eta elkarte bat sortzeko batu ohi dira, besteak beste. Topagune interesgarriak ere izan ahal dira. Esaterako, historia ezagutzeko eta konpartitzeko. Horixe da gaur goizetik eguerdira bitarte gertaturikoa Altzako Arriaga Serafinak jaietan.
Paseo historikoa egin dute Arriagatik eta bere inguruetatik. Altzako Historia Mintegiko Iñigo Landak gidatu du txangoa, eta oso interesgarria izan da parte hartu dutenentzat. Izan ere, testigantzak konpartitu dituzte han izan diren hainbat altzatarrek. Bizipen horiek Landaren azalpenak osatu dituzte ibilbidean zehar.
Harria parkea izan da abiapuntua, Arriaga oinetxea zegoen tokia. Parkeak oinetxeari zor dio izena, aldaera bat delako: Arriaga/Arriya/Harria. Behe Erdi Arotik Altzako etxe nagusietako bat izan zen. Jatorrizko eraikinetik armarria eta karobia geratzen dira soilik. Armarria etxearen orubean dago kokatuta, eta parkean dago ikusgai. Ondoan elkartu dira 50 bat lagun inguru, eta txangoaren gidariak elebitan eman ditu txangoaren nondik norakoak. Tamalez, ordea, gutxira argi geratu da gaztelania izango zela paseo historikoa egiteko erabiliko zuten hizkuntza.
Auzotarren parkea
Paseoa hasteko lekua ez dute ausaz aukeratu. Harria parkea bera aldarrikatzeko aprobetxatu dute, auzotarren borroka askoren lorpenetako bat delako. Gainera, Altzak duen parke handiena da. Altza XXI herri ekimeneko bi kidek hitza hartu dute lorpen horren testuingurua azaltzeko. Harria parkea dagoen lursail zabalean zortzi etxebizitza dorre eraikitzea aurreikusi zuen Donostiako Udalak, baina auzotarrak elkartu eta hirigintza proiektu hori gelditzea lortu zuten.
1960ko hamarkadan, udalak Altzan 40.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa agertu zuen, eta orduko nahi hori hainbat hirigintza planen bidez egunera arte iritsi dela nabarmendu dute. Hain zuzen ere, egungo udal gobernuak 3.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusi du Auditz Akularren, eta horrela jasotzen du bihar bertan aurkeztuko duten Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriaren aurrerakinak.
Arriaga oinetxeari dagokionez, 1980ko hamarkadan su hartu zuen eta eremua zeharo degradatu zen. Heroinak gogor jo zuen hamarkada izan zen, eta inguru horretara gazte asko joaten ziren drogatzera. Leku iluna bihurtu zen, eta la selva (oihana) izena jarri zioten inguruko auzotarrek. Kostata eta lan asko eginda, parkea altzatarrentzat berreskuratu zuten.
Hasierako azalpenak bukatuta, parkean behera egin dute, eta aipaturiko karobiarekin egin dute topo. Jatorrizkoa errepidearen ondoan zegoen, Erroteta aldean. Ordea, lekuz aldatu, mendi magalean txertatu eta Harria parkearen parte da.
Aldapan gora, aldapan behera
Ermita bidea izan da hurrengo geralekua. Erroteta eta Santa Barbara auzuneak batzen ditu, eta galtzada garrantzitsua izan zen hainbat urtetan. Donostia eta Errenteria elkartzen zituen bideak, Altzatik pasatuta. Santa Barbara ermitari zor dio izena bideak, eta inguruan zituen harrobia eta Jolastokieta eremua –kirol klub batek ezagun egin zuena—. Baita Sarasola etxaldea ere, bere garaian garrantzitsua izan zena auzoarentzat eta auzotarrentzat. Aldapan gora eta behera aritu dira bidelagunak, nahiz eta bidearen egungo desnibela lausoagoa izan.
Ermita 1967. urte inguruan bota zuten, errepidea zabaltzeko oztopo bat zelako, eta, dirudienez, balio gutxi zuelako. Ermita zegoen eremuan Felix Iranzo auzotarra eta argazkilaria gogora ekarri dute, auzoarentzat lan asko egiteaz gain, bere argazki kamerarekin Altzaren bilakaera dokumentatu zuelako.
Ondoren, txangoaren erritmoa bizitu behar izan dute, geralekuetan denbora asko pasatu dutelako azalpenak ematen. Batez ere, auzotarrek euren testigantza interesgarriak konpartitu dituztelako. Ondorioz, Altzako Historia Mintegiko arduradunek geltoki batzuk elkartu dituzte puntu jakinetan. Horrela, Erroteta auzunera eraman dituzte bidelagunak, eta Gurea elkartearen parean dagoen haur parkean elkartu dira. Arriagaberri etxea zegoen han —Arriberri auzoari izena ematen dio—, eta gerora beste hainbat eraikin izan zituen auzunearen zona horrek: eskola bat, anbulatorio bat eta beste.
Kasares, helmuga
Paseo historikoa bukatzeko, Kasares pasealeku ondora joan dira bidelagunak, eta hasierakoak baino gehiago izan dira azken geralekura iritsi direnak. Altzako Historia Mintegiko arduradunek Kasares eta Tomasene baserrien garrantzia nabarmendu dute, gaur egun Altzako kultur etxea osatzen duten bi erakinak direlako. Kasares aipatuta, Landak ekarpen historiko interesgarri bat kontatu du. Errepublika garaian eraiki zuten, Buenavista eta Sarrueta —Martutene dena egun— lotzeko asmoarekin. Zati bat baino ez zuten bukatu, 36ko gerrak eten zuelako obra. Aipatzekoa da lanik gabeko pertsonek eraiki zutela.
Horrez gain, Los Boscos auzunea eta Arrizar olio fabrika izan dituzte hizpide txangoa borobiltzeko. Groseko bizilagun batzuek sorturiko etxebizitza kooperatiba baten emaitza izan zen Los Boscos. Jatorrizko auzoan lekurik ez zutenez, Altzako lursail bat erosi eta etxeak egin zituzten. Bestalde, Arrizar olio fabrika eta alboan zuen beira fabrika garrantzitsuak izan ziren Altzan.
Arriaga eta inguruko historiaren berri eman eta datu gehiago jasota, gustura geratu dira parte hartu duten antolatzaile, gidari eta bidelagunak.
Paseo historikoaren irudi bilduma jarraian ikus dezakezue: