Arte Ederren eraikineko lanak «berehala» bertan behera uzteko eskatu du Ancorak
Babestuta dauden jatorrizko fatxadak "suntsitzen" ari direla salatu dute zabalduriko bideo baten bidez.
Ancora elkarteak salatu duenez, Arte Ederren eraikinaren lanetan, jatorrizko fatxada “suntsitzen” ari dira. Hori erakusten duen bideo bat zabaldu dute sare sozialetan. Hori dela eta, obra “berehala” bertan behera uzteko eta kanpoaldea “nahita” ezkutatzen duen olanak kentzeko eskatu dute.
“Zabalduriko bideoan ikusten denez, langile batzuk eraikin babestuaren aurka oldartzen dira mailukaden bidez, inguratzailearen zati bat kenduz. Irudi mingarri hauek ez datoz bat iragarritako berrantolaketa kontrolatuarekin. Alderantziz, jatorrizko fatxadak ia erabat suntsitu direla erakusten du bideoak, eta hori debekatuta dago”, ohartarazi du Ancorak.
Hain zuzen ere, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak (EHOBPB), eraikinaren Prim eta Urbieta kaleen alboetan dauden baoen dimentsioa soilik handitu daiteke. “2021eko martxoan, eztabaida handi baten erdian, onartu zen babes fitxak ez du baimentzen fatxada bakar bat ere eraistea”, gogorarazi du elkarteak.
Zinemaldiaren fokua
Lanek aurrera jarraitu duten arren, Arte Ederren erakina luxuzko hotel bihurtzeko lanak ez dira albiste izan azken hilabeteotan. 72. Donostiako Zinemaldiaren hasiera galak jarri zion fokua berriz ere eraikinari, galako aurkezleek aipatu zutenean. Estatuko zinematograforik zaharrena “galdu” izana deitoratu zuten agintari politikoen aurrean.
Arte Ederren eraikina Palacio de Bellas Artes de San Sebastian izeneko hotela —Hilton katekoa— izango da. 80 gela baino gehiago izango ditu eta lur azpian lau aparkaleku. SADEk kate estatubatuarrari saldutako eraikina hotel bihurtzeko aurreikuspena ez da beteko. Izan ere, kate estatubatuarrak 2024. urte bukaerarako hotela prest egongo zela iragarri zuen. Epe hori ez da beteko lanak bukatzeko asko falta delako.