Urrezko Maskorra 'Tardes de soledad' film polemikoak eskuratu du
Pello Gutierrez donostiarraren 'Erreplika' euskarazko lanak aipamen berezia jaso du.
Zinema kritikarien iritziak eta kinielak gorabehera, atzo iluntzean argitu zen 72. Donostiako Zinemaldiaren palmaresa. Albert Serra zinemagile katalanaren Tardes de soledad filmak irabazi zuen Urrezko Maskorra. Tauromakiaz diharduen lanak zeresana eman du, polemikoa izateraino. PACMA proiekzioaren kontra agertu zen, eta zentsuratzeko eskariak ere egon ziren. Kontuak kontu, epaimahaiak film hori saritzea erabaki du.
Gainerako sariei dagokienez, aipatzekoa da Patricia Lopez Arnaiz arabarrak eskuraturiko aktore onenarentzako Zilarrezko Maskorra, Los Destellos filmarengatik. Bestalde, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra bi zinemagilek eskuratu dute: Laura Carreirak On Falling lanagatik eta Pedro Martin-Calerok El llanto filmagatik.
Aldiz, taldeko aktore onenaren saria Pierre Lotinek jaso zuen, Quand vient l’automne lanean egindako interpretazioarengatik. Film horri esker, gidoi onenaren saria ere lortu dute Ozonek eta Philippe Piazzok. Argazki onenaren garaikurra, berriz, Songri Piaorentzat izan da, Huo Xin txinatarrak zuzendutako Bound in Heaven lanagatik.
Horrez gain, epaimahaiaren sari berezia Gia Coppolak zuzenduriko The Last Showgirl filmak jaso zuen, aktore taldearen lana goraipatuz. Pamela Anderson da horietako bat.
Aipamen berezia
Donostiarren presentzia ere bada 72. Zinemaldiko palmaresean. Izan ere, Pello Gutierrezen Erreplika euskarazko lanak aipamen berezia jaso du. Hedabide honek luze eta zabal hitz egin zuen zinemagile donostiarrarekin. Aldiz, Euskal Zinemaren Irizar saria Carmen Chaplinen Chaplin / Espíritu gitano dokumentalak eskuratu du.
Sail Ofizialetik kanpo beste sariei dagokienez, Piet Baumgartner eskuratu du Zuzendari Berriak saria Bagger Drama filmagatik. Horrekin batera, aipamen berezia jaso du Anton Alvarezen La guitarra flamenca de Yerai Cortés lanak.
Zabaltegi-Tabakalera saria Dea Kulumbegaxvilientzat izan da, Aprili lanagatik, eta sail horretan Jessica Sarah Rinlanden Monólogo colectivo lanak aipamen berezia jaso du. Horizontes Latinos saria, berriz, Luis Ortegaren El Jockey pelikularentzat izan da.
Ikusleek erabakitzen duten Perlak saileko saria Emmanuel Courcolen En fanfare lanak jaso du Donostia Hiria Publikoaren Saria. Atal berean, Mohammad Rasoulofen Daney anjir maabed / The Seed of the Sacred Fig izendatu dute Europako ekoizpen onena.