HAPOaren parte hartze prozesuan ekarpena egiteko gonbidapena luzatu du udalak
Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko parte hartze prozesua abian jarriko du bihartik aurrera. Ekarpenak egiteko tailerrak eta batzarrak antolatuko dituzte, eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango du abenduaren 17ra arte.
Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzi Nekane Arzallusek eta Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotzi Mariaje Idoetak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean, eta bertan, azaldu dute nolakoa izango den parte hartze prozesua eta aurrerakin dokumentuaren proposamen “giltzarriak” azaldu dituzte. Hurrengo bi hilabete eta erdian hiritarrek proposamen giltzarri horiek aztertu ahal izango dituzte parte hartze prozesuaren bitartez.
Arzallusek honela laburtu ditu HAPOarentzat dituzten helburuak: “Argi dugu Donostiarentzat nahi dugun etorkizuna. Hiri trinkoagoa izatea nahi dugu, hain zuzen ere lurrak aprobetxamendu hobeagoa duen hiria; hiri antolatuagoa eta lotuagoa, garraio publiko eraginkor eta garbiago batekin; hiritarren eremu funtzionaletan ekipamenduak dituen hiria; kalitatezko enplegu iraunkorrak sortzen dituen ekonomia-jardueren alde egiten duen hiria; pertsonentzako hiri-erakargarria; hiri-ondarea, historikoa eta arkitektonikoa zaintzen duen hiria”.
Lehentasunak
Sei lehentasun edo ardatz proposatu dituzte bi zinegotziek: Hazkundea hiriaren egungo mugen barruan, lurzoru urbaniza ezinaren azalera ahalik eta gehien mantenduta, hau da, “hiri barruan hiri gehiago egitea”; etxebizitza eskuragarri berrien eraikuntza lehenestea; natura eremuekin lotura duen “sare berdea handitzea”; egungo udal ekipamenduen eskaintza mantentzea eta hobetzea, “bereziki hezkuntza eta kirol ekipamenduak; plangintzan ondare historikoa sartzea; eta mugikortasun jasangarria sustatzea, oinezkoetan, bizikletetan eta motorrik gabeko garraioetan oinarrituz.
Idoetak azaldu duenez, Herritarren Partaidetza departamentuak, RAZ eta Osoigo enpresek osatutako lantaldeak antolatuko ditu datozen asteetarako dinamika, tailer eta saio irekiak, baita online parte hartu ahal izateko plataforma digital bat ere, nahi duen hiritarrak ekarpenak egin ahal izateko.