Musikauzoan jaialdiak musikaz beteko du Bidebieta hurrengo bi asteburuetan
Hirugarrenez, Musikauzoan jaialdia antolatu dute Bidebietan, auzotarrek musika eskaintza izan dezaten bi asteburuz auzoan bertan. Hain zuzen ere, bi kontzertu antolatu dituzte asteburu honetarako eta beste bi hurrengorako. Bideak Bidebietako auzo elkartea da jaialdiaren antolatzailea, Oletako auzo elkartearen eta Blues Events enpresaren laguntzarekin.
Ostiral honetan (hilak 4) izango da lehenengo kontzertua, Lee Junior musikariaren eskutik, Alai tabernan (Serapio Mugika kalea, 33). Larunbatean, aldiz, Los Requesones taldeak joko du Kayak – El Gaizka’s tabernako terrazan (Zumardi pasealekua, 24). Bestalde, hurrengo ostiralean (hilak 11), Miguel Mari musikariak joko du Bikote tabernan (Zedro plaza, 2) eta, larunbatean, Totem taldea arituko da, Aloha eta Guardaplata tabernen arteko pasadizoan (Julio Urkixo pasealekua, 40). Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira, doan.
2021ean antolatu zuten estreinakoz Bidebietan jaialdi hori eta Zinebide zinema zikloa, eta 2022an antolatu ez bazituzten ere, biak berreskuratu zituzten iaz. Aurten ere bi jaialdiak antolatu dituzte, irailaren 20ko asteburuan egin baitzuten Zinebide.