Unai Gaztelumendi eta Manex Mujika final zortzirenetan lehiatu dira
Gipuzkoako Bertsolari txapelketako final zortzirenen hirugarren asteburua egin berri dute, bi donostiarren parte hartzearekin. Beñat Gaztelumendik urriaren 20an hasiko du txapelketa, Errenteriako final laurdenetan.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen fasea bukatzear da: datorren larunbatean, urriak 5, izango da azken final zortzirena, Azpeitiko San Agustin kulturgunean. Egun horretan Asier Azpiroz Zubietarra arituko da oholtza gainean; donostiarren artean, hirugarrena. Pasa berri den asteburuan lehiatu dira lehen biak: Unai Gaztelumendi hirugarren sailkatu zen Hondarribian, 464,5 punturekin; Manex Mujikak, berriz, 448 puntu eta bosgarren postua eskuratu zituen, Andoaingo norgehiagokan.
Artetxe eta Martija final laurdenetara
Larunbateko saioan, Eneritz Artetxe nagusitu zen, 482,5 punturekin. Azkoitiarra, urriaren 27an, Irunen egingo den final laurdenetara sailkatu zen. Igandean, berriz, Aitor Salegi Martija izendatu zuten garaile, 470 punturekin. Salegi berriz, Errenteriko final zortzirenetara pasatu zen zuzenean Larunbatekoan, Iban Narbaiza aritu zen gai jartzaile lanetan; igandean, berriz, Igotz Alkorta Irastortza aritu zen.
Honako hauek osatu dute epaimahaia asteburuan: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Jon Diaz de Mendibil Sarasti eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan, aldiz, Aratz Irazustabarrena Garmendia aritu zen.