Auditz Akularren eraikitzeari lehentasuna ematea kritikatu du Altza XXIk
HAPOaren aurrerakinak 12.038 etxebizitza berri aurreikusten ditu hirian, eta, "gutxienez", horien %53,46 babestuak izango lirateke. Auditz Akularrekoa da planteatzen den hirigintza ereduko salbuespen bakarra eta garapen nagusia.
Donostiako hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikuspen prozesuan beste urrats bat egin zuen astelehenean udalak, parte hartze prozesua abiatuz eta HAPO berriaren aurrerakina jendaurrean aurkeztuz. Hurrengo hamabost urteetan 12.038 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du aurrerakinak, tartean, Altzako Auditz Akular berdegune handian 3.007 etxebizitza. Hain zuzen ere, hori da aurrerakinean planteatzen den hirigintza garapen nagusia, baita planteatzen den hirigintza ereduaren salbuespen bakarra ere: “HAPO berriak ez du hiri hedapenerako eremu esanguratsu berririk aurreikusiko, Auditz Akular sektorea izan ezik”, dio aurrerakinak; hau da, hiria ez dela bere egungo muga urbanizatuetatik harago haziko, Altzako eremu horren salbuespen bakarrarekin.
Aurrerakinak Odon Elorzaren garaiko planteamendua ere jasotzen du Auditz Akularrerako, 2.864 etxebizitza aurreikusten zituena, baina behin betiko HAPOan ez jasotzea proposatzen da dokumentuan. Halaber, bertan etxebizitzarik ez eraikitzea eta “espazio libre handi bat” eratzeko planteamendua ere jasotzen du aurrerakinak, baina hori ere behin betiko planean ez jasotzea proposatzen du; Antondegirekin, aldiz, kontrakoa gertatzen da, 201oeko HAPOan jasotzen baitzen 3.000 etxe inguru eraikitzea, baina landa eremu gisa izendatuko dute, hain zuzen ere, Auditz Akularri lehentasuna emateko, aurrerakinak dioenez. Planteamendu horiek guztiak, HAPOaren aurrerakinak jasotzen dituen gainontzekoekin batera, eztabaida publikora aterako dituzte parte hartze prozesuan, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak nabarmendu duenez. Hain zuzen ere, besteak beste, hiriko hainbat auzotan egingo dituzte aurrerakina azaltzeko bilera publikoak.
Horren harira, Altza XXI Herri Ekimenak, Auditz Akular berdegune gisa mantentzearen alde borrokan urteak daramanak, zalantzan jarri du parte hartze prozesuaren izaera: “Beldur gara ez garela egongo herritarren parte hartze ariketa serio baten aurrean, non parte hartzaileak aldez aurretik prestatzen diren eta erabakiak hartzeko ondorio baliagarriak lortzen diren. Aldiz, justifikaezina justifikatu behar duen populismo ariketa merke baten aurrean gaudela beldur gara”.
Halaber, herri ekimenak salatu du udalak ez duela “hirigintza jasangarria zer den onartzen, ezta lurzoru berriak ez okupatzeko printzipioak ere”: “Odon Elorza eta Jorge Letamendiaren duela 25 urteko hirigintza politikaren hipotekarekin jarraitzen duzue, eta, are okerrago, 1960ko hamarkadako desarrollismoaren garaiko zabalgune planaren politikarekin, zeinak dorreak aurreikusten baitzituen altzatar lurralde osoan, Harria parkean barne“. Hala eta guztiz ere, parte hartze prozesuan parte hartuko dutela iragarri dute: “Hor aurkituko gaituzue, ez diogulako uko egiten benetako eztabaidari zein plan jasangarri eta orekatu bat bultzatzeari, Altzarako ere”.
Gogoratu behar da Auditz Akularreko hirigintza garapena Odon Elorza alkate zen garaian jaio zela eta egun indarrean dagoen HAPOan (2010ekoa) jasota dagoela, nahiz eta krisi ekonomikoa, gobernu aldaketak eta planteamendua bera direla eta, ez den gauzatu. Hala ere, Eneko Goia alkateak bertan eraikitzeko asmo argia erakutsi zuen iazko urrian: “Eremu horrek urbanizatzeke jarraitzen du, eta zerbait egin beharko da, udalak lursail handi bat duelako han, bere garaian eskuratutakoa, hiriko etxebizitza eskaintza handitzeko”. 792.613 metro koadroko landa eremua da Auditz Akular, Donostiako gerriko berdearen parte dena eta Altzari arnasgune nabarmena ematen diona: 20.343 biztanle ditu auzoak eta 1,78 metro koadro berdegune daude biztanleko, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) biztanleko 10-15 metro koadro berdegune gomendatzen dituen bitartean.
12.038 etxebizitza, gehienak babestuak
HAPOaren aurrerakinak, aipatu moduan, 12.038 etxebizitza berri aurreikusten ditu hirian, eta, “gutxienez”, horien %53,46 babestuak izango lirateke, dokumentuak dioenez. Hori Espainiako etxebizitza lege berriaren testuinguruan kokatu behar da, izan ere, legeak dio hogei urteren buruan etxebizitzen %20 izan beharko direla babestuak Donostia bezalako hirietan. Egun, aldiz, Donostiak dituen 94.733 etxebizitzetatik, soilik 3.821 dira babestuak, hau da, %4,88: “Auditz Akularren etxebizitza babestu asko eraikita konpondu nahi dituzte orain arteko hirigintza eta turistifikazio politiken ondorioak”, adierazi zuen Oihana Santolaria EHU Hirigintza irakasleak hedabide honetako erreportaje batean, hain zuzen ere. Izan ere, Auditz Akular publikoa denez, 3.007 etxebizitzetatik 2.255 babestuak izango lirateke, aurrerakinean jasotzen denez.
Horrez gain, honakoak dira aurrerakinak aurreikusten dituen garapenak: Munto (64 etxebizitza, horietatik zazpi babestuak), Errondogaina (99), Oleta (150/61), Alfe (40/16), Añorgako lotunea (490/178), Añorgako geltokia (238/96), Txapeldegiberri (25), Infernua (540/270), GI-20 Loiolako Erribera (700/280), GI-20 Intxaurrondo (1.255/753), Loiolako kuartelak (1.400/560), Lorategi Hiria Loiolan (232/88), Sarroeta-Martutene pasealekua (550/220), Errotetazpikoa-Altza (60/25), Txingurri (110/42), Jolastokieta (456/182), Easo-Errondo (450/200), Aldakonea (150/57), Mundaiz (188/75), Txomin Enea II (294/222), Antzieta (700/280), Apostolutza (40/16), Trinketea (100/30), Igara (210/84), Illarra (385/165).