Bruce Springsteenek kontzertua eskainiko du Anoetan 2025eko udan
Bruce Springsteen Donostian izango da 2025eko ekainaren 21ean. Anoetan eskainiko du kontzertua, eta Get In enpresak jakinarazi duenez, sarrerak urriaren 8tik aurrera jarriko dituzte salgai, 10:00etan, Entradas.com eta Doctormusic.com atarietan.
Abuztuaren erdialdean, Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi zuen berria, baina Get In enpresak gezurtatu egin zuen egunkariak argitaraturikoa. Ordea, gaur baieztatu dute Anoetan kontzertu bat eskainiko duela taldeak. Hamabi kontzertu emango dituzte 2025eko biraren barruan: Manchesterren (maiatzak 17 eta 20), Lillen (maiatzak 24), Marsellan (maiatzak 31), Liverpoolen (ekainak 4), Berlinen (ekainak 11), Pragan (ekainak 15), Frankfurten (ekainak 18), Donostian (ekainak 21), Gelsenkirchenen (ekainak 27) eta Milanen (ekainak 30 eta uztailak 3).
Laugarren aldiz Donostian
Anoeta agertoki gisa gehien errepikatu duen taldea da Bruce Springsteen & The E Street Band. 2008an zapaldu zuten futbol zelaia lehen aldiz, uztailaren 15ean, Magic izeneko biraren barruan. 2012ko ekainaren 2an itzuli ziren Donostiara, Wrecking Ball biraren baitan, eta 40.000 zalek erabaki zuten euri zaparradari kasurik ez egin, eta arreta guztia The Boss-en ahotsari jartzea. Azken aldiz 2016an izan ziren Anoetan, The River biran Donostiari lekua emanaz. Hiru ordu eta 40 minutuko kontzertua izan zen, 43.000 entzuleren aurrean.
“Ohore handia”
Informazioa Bruce Springsteenek berak zabaldu duen arren, presazko agerraldia egin dute udaleko, diputazioko eta Get In enpresako ordezkariek. Hiru erakundeetako ordezkariek bat egin duten Donostia aukeratu izanaren garrantzian, Estatuan bakarra izan ez ezik, Europan ere “kokatzeko” aukera ematen baitio hiriari: “Ez gara harritzen denek Donostiara etorri nahi izatea”, adierazi du Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak.
Eneko Goia alkateak, bere aldetik, Donostia kontzertu handien erreferente izateko saiakeran daudela ziurtatu du. Onartu du, baina, une honetan, kontzertu handiak uda partean egin daitezkeela soilik, Anoeta baita Donostiak erabilgarri duen oholtza handi bakarra: “Badakit azpiegitura falta zaigula baina Anoetako estadioa dugu. Anoetak ekainean erreferente bilakatzen gaitu ekainean”, adierazi du.