Garun paralisia ikusarazteko martxa inklusiboa egingo dute larunbatean
Berrikuntza gisa, aurten, dortsala duen kamiseta berri bat diseinatu dute.
Inklusioa oinarri, Aspace elkarteak martxa bat egingo ditu larunbatean, hilak 5, garun paralisia duten pertsonen errealitatea ikusarazi eta euren eskubideak aldarrikatzeko. Mugarik gabeko inklusioa lelopean, Alderdi Ederretik abiatuko dira 11:30ean, eta Kontxako badia inguratuko dute, Ondarretako helmugara iritsi aurretik.
2024 Aspace Eguneko ekitaldien aurkezpenean izan dira Aspace elkarteko presidente Rosa Iglesias eta Zaintza eta Gizarte Politiketako foru diputatu Maite Peña. Gipuzkoako Garun Paralisia Laguntzeko elkarteko presidenteak adierazi duenez, ekitaldi honen helburu nagusia da, “pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen gizarte inklusiboago baterantz aurrera egitearen garrantzia gogoraraztea”. Aurten, gainera, dortsala duen kamiseta berri bat diseinatu dute aurrenekoz, eta herritar oro gonbidatu elkartea babesteko Aspalagun izatera.
Bazkaria eta festa giroa
Elastikoak izerditzeaz gain, sabela betetzeko eta musikaz gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Izan ere, bazkari bat egingo antolatu Berioko Goienetxe zentroan, arratsaldeko ordu bietan. Era berean, hainbat entretenimendu jarduera antolatu dituzte; hala nola zuzeneko musika, DJ Fredvv vs Hugo eta Simon Ezquiagaren emanaldiak, karaokea, gaztelu puzgarriak eta zozketak. Maite Peñak gogoratu duenez, halaber, Donostiako Musika Eskola eta Oskar Terol umoregilea ere izango dira ekitaldian.