IV. Nazioarteko Tinatxo Estropada egingo dute larunbatean kaian
Laugarren urtez, Euskal Itsas Museoak Nazioarteko Tinatxo Estropada antolatu du, Ondarearen Europako Jardunaldien programaren barruan. Larunbat honetan izango da (hilak 5), 10:15ean, Donostiako kaian, arrapalatik abiatuta. “Estropada xelebre honen helburua gure kostaldean desagertzen ari den tradizio bat berreskuratzea da, txalupa txikietan erabiltzen den arraunean egiteko zinga modua ezagutaraziz”, azaldu du museoak. RCTSSk, Navegavelak, Donostiarra Arraun Elkarteak, Mala Gissonak eta Kofradia Itsas-Etxeak laguntzaile gisa hartu dute parte egitasmoaren antolaketan. Parte hartu ahal izateko, 16 urte baino gehiago eduki behar dira eta izena eman behar da, museoaren webgunearen bidez (3 euro).
Antolatzaileek, larunbatean, arrapalan bertan banatuko dituzte tinatxoak (egurrezko upelak erdibituak) eta arraunak, eta parte hartzaileek 80 metroko estropada egin beharko dute tinatxoetan sartuta, arrapalatik Gurutze Gorriaren ondoan dagoen baliza bateraino. Han, ziaboga egingo dute, arrapalara itzultzeko. Estropada osoan zehar, parte hartzaileek tinatxoaren barruan egon beharko dute, estropada baliozkoa izateko. Estropada bitxia eta ikusgarria izaten da, hemen ikus dezakezuen moduan.
Lau txandatan egingo dute estropada, eta bakoitzean sei lagunek hartuko dute parte. Txanda bakoitzeko onenek finala jokatu ondoren, epaimahaiak irabazleak izendatuko ditu. Sariei dagokionez, epaimahaiak hiru garaile izendatuko ditu. Lehenengo saria irabazten duen pertsonak, II. Joanes de Areizaga laugarren banderaz gain, Nabigazio Lizentzia (Titulina) eskuratuko du, Navegavelaren eskutik. Bigarrenak RCTSSren stand up paddle egiteko dragoi taularen ordu eta erdiko saioa irabaziko du eta hirugarrenak Pintxoak Donostiako portuan bisita jasoko du opari, Euskal Itsas Museoaren eta Kofradia Itsas-Etxearen eskutik.