Paula Martel aktore donostiarra zendu da
Maria del Carmen Perez Otxoa aktore donostiarra —Paula Martel ezizenez ezagunagoa— zendu da Marbellan (Malaga, Andaluzia), 79 urterekin. 1945ean Donostian jaioa, 1959an joan zen Madrilera bizitzera, eta Espainiako hiriburuko antzokietan oso ezaguna izan zen, batez ere, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. 1990eko hamarkadan, aldiz, interpretazioa utzi eta Hermes moda enpresaren Espainiako zuzendaritzan murgildu zen, nahiz eta 2000ko hamarkadaren hasieran tarte batez eszenatokietara itzuli zen.
Hainbat antzezlanetan parte hartu zuen, baina bere lanik ezagunena Ninette pertsonaia gorpuzten egindakoa da, Miguel Mihura dramaturgo ezagunaren Ninette y un señor de Murcia (1964) eta Ninette, modas de París (1966) lanetan. Pertsonaia hori beste aktore askok gorpuztu zuten gerora, baina Paula Martel izan zen lehenengoa.
Antzerkia utzi gabe, zineman eta telebistan ere aritu zen 1960ko hamarkadan. Hala ere, bere indargunea antzerkia izan zen beti, eta horretan zentratu zen 1980ko hamarkadan, hain zuzen ere. Erretiroa hartuta, Marbellan bizi zen egun.