Suhiltzaileen Ekinbide elkarteak hiru ibilgailu misto eramango ditu Ginea Bissaura
Udalak suhiltzaileen irabazi asmorik gabeko Ekinbide elkarteari hiru ibilgailu misto doan eman dizkio. Hala onartu du Donostiako Udal Gobernuak, astearte honetako Tokiko Gobernu Batzarrean. Suhiltzaileen elkarteak Ginea Bissau herrialdera eramango ditu ibilgailuok, Bafata proiektuaren bigarren fasean erabili ditzaten eta beharrezkoak diren lekuetara lekualdatu daitezen.
Udalak ohar batean azaldu duenez, proiektu horri esker, elkarteak “Babes Zibileko Zerbitzua ahalbidetuko du” Ginea Bissauko hiri horretan. Edonola ere, ez da suhiltzaileek hiri horretara ibilgailuak eramaten dituzten lehen aldia. 2022an suhiltzaileen kamioi bat lekualdatu zuten Ginea Bissauko hiri horretaraino. Geroztik, prestakuntza eman diete eskualdean errefortzu gisa arituko diren taldekide berriei: “Tokiko brigaden instrukzioarekin jarraitu nahi dugu eta ekipamendu hobea eman, ez bakarrik Bafata parkeari, baita herrialdeko hiriburua den Bissaukoari ere”, diote euren webgunean.
Ibilgailuak eman eta jaso
Suhiltzaileen elkartearentzako lagapena ez da ibilgailuen inguruan hartutako erabaki bakarra izan gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean. Izan ere, udalak lur orotako bi ibilgailu kontratatzeko espedientea onartu du. Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak erabiliko dituen ibilgailuak dira biak: autoetako bat Artikutzako brigadarentzat izango da, eta bestea, berriz, Donostiako ingurumen zaintzaileentzat.
Leku bakoitzaren lan ezaugarriak desberdinak direla kontuan hartuta, autoen ezaugarri teknikoak ere desberdinak izango direla adierazi du udalak. Ibilgailu berrien kostua 63.863 eurokoa da eta 7 hilabeteetako epean izan beharko lituzke Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak.