Askek salatu du Ertzaintza jendea «modu arbitrarioan geldiarazten eta miatzen» ari dela
Euskal presoen amnistiaren aldeko Aske antolakundeak salatu duenez, “Realaren partidaren harira”, Parte Zaharra eta Erdialdea “militarizatu” du Ertzaintzak asteazkenetik. Halaber, Ertzaintza izaten ari den jokabidea kritikatu dute: “Segurtasunaren aitzakiapean, kaletik doan edozein pertsona modu arbitrarioan geldiarazi eta miatzen ari dira. Horrekin batera, prebentziozko neurriak baliatuz, militante politikoak geldiarazi eta beraien praktika politikoengatik mehatxatzen dabiltza”.
Jakina denez, “arrisku handiko partida” gisa izendatu dute ostegun iluntzean Anoetan jokatuko den Realaren eta Anderlechten arteko neurketa, talde belgikarreko zale eta, bereziki, ultra ugari etorri direlako.
“Inolako indar errepresiboren erasoak onartuko ez ditugula azaldu nahi dugu, eta urriaren 12an antolatutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten diogu Euskal Herri Langileari”, gaineratu du Askek.