Bretxa «auzoari begira» jartzeko eta ostalaritza jarduera berriak «baztertzeko» unea dela dio EH Bilduk
Bretxako inguruaren eta Arrandegi zein Arkuak eraikinen kudeaketa Donostia Sustapenak hartu zuen udan. Orain, argitzeko dago zein izango den eraikinen erabilera, eta horren inguruko agerraldia egin du EH Bilduk. Juan Karlos Izagirre bozeramaileak, eta Itziar Iturri eta Markel Ormazabal zinegotziek parte hartu dute prentsaurrekoan.
“Positiboki baloratzen dugu kudeaketa publikoaren eredu berria, guk bultzaturikoa, eta badirudi herritarren eskaera batzuei norabide egokia hartuz erantzungo zaiela”, adierazi dute. Hain zuzen ere, Parte Zaharrerako ekipamenduak eta zerbitzuak Bretxako eraikin horietan ezartzearen alde agertu da hasieratik udal taldea: “Herritarren artean kontsulta bat sustatu eta antolatu genuen, eta lortutako emaitzek argi eta garbi adierazi zuten bi direla lehentasun nagusiak: eguneko zentroa eta gimnasio publikoa irekitzea. Halaber, babes sendoa lortu zuten agenteen eta elkarteen bileretarako leku bat eta hainbat material biltegiratzeko beste bat prestatzea”.
Ostalaritza jarduera berriak
Udal gobernuarekin izan dituzten bilerak bide onetik doazela dio EH Bilduk, baina oraindik zehazteke dauden espazioekin ikusten dituzten arriskuen inguruan mintzatu dira: “Badakigu Arrandegi eraikinean ostalaritza jarduerak ezartzeko ahalegina egin zela, eta hori onartezina da auzoan. Izan ere auzo hori eremu asebetea izendatuta dago, ostalaritzak kontrolik gabeko hazkundea izan du azken urteotan bereziki eta auzoak gaur egun duen konfigurazio desorekatuan erantzukizun handia du”.
Hori dela eta, udal taldeak “ez du onartuko” ostalaritzarekin loturako jarduera berriak aurreikustea Bertxako eraikinetan, “Parte Zaharrean oro har merkatuaren beharrei zerbitzua ematen dien eta merkatuaren ordutegia betetzen duen establezimendu txikiren batetik harago”. Horrekin batera, gogoratu dute Baika Mercados aurreko emakidaduna Arrandegi eraikineko solairu batzuekin geratu zela, “eta hauen erabilera, orain, ez dago zehaztuta”.