«Ez dezala futbolak hezkuntza zapaldu», Amara Berriko haur eta gurasoen protesta
“Futbola kirola da, ez biolentzia”. Mezu horiekin, Amara Berri ikastetxeko haur eta gurasoek protesta egin dute asteazken arratsaldean, auzoan bizi duten egoera salatzeko.
Gurasoek diotenez, asko dira Realaren partidek, eta, batez ere, Anoeta kanpoan gertatzen diren liskarrek, auzoan sortzen dituzten arazoak. Zarata, zikinkeria, trafiko arazoak, eta bestelakoak kanpoan utzita, ultrekin izandako borrokak izan dituzte hizpide. Izan ere, gaur jokatzekoa den partidara datozen ultra faxistek sor dezaketen arriskua dela eta, segurtasun protokolo propioa egin du udalak Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin batera.
Trafikoa eteteaz gain, auzoko ikastetxeak lehenago itxi beharko dituzte, eta arratsaldeko eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera geratuko dira.
Egoeraren inguruan gogoeta eskatu dute: “Onartezina da futbol partida baten ondorioz ikastetxe batek eskola ordutegia aldatu (eskola komunitatearen segurtasuna bermatzeko bide bakarra hau izatea, alegia) eta auzo bat erabat itxi behar izatea. Gure auzoan futbolarekin zerikusirik ez duten askotariko interes eta zereginak dituzten pertsonak bizi dira, futbola, eta honen ondorioak, indarrez inposatzen direlarik gure bizitzetan”.