«Inork pentsatu al du blokeo horrek nola eragiten dien tokiko negozioei?»
Realaren Europa Ligako partidarengatik harturiko babes neurriak kritikatu ditu Ba Gera merkatarien elkarteak.
Europa Ligaren albo kalteak zeresana ematen ari dira. Donostiako Udalak segurtasun neurri bereziak hartuko ditu Realaren eta Anderlechten arteko partidarako. Esaterako, Amara Berriko zirkulazioa itxiko dute gaur 16:30etik 19:00ak arte, Pio XII.a eta Anoeta futbol zelaiaren artean. Hori dela eta, Amara Berri ikastetxeak bere egoitzak 15:30erako ixtea eta kanpo jarduerak bertan behera uztea erabaki du. Erabaki horren aurrean, Amara Berriko gurasoek euren haserrea plazaratu dute.
Ba Gera merkatarien elkartea ere kritiko agertu da harturiko neurriekin: “Auzo bat blokeatzeak, sarbidea eragotziz, ondorio ekonomiko eta sozial garrantzitsuak ditu, eta ez dakigu baloratu diren ala ez, baina, hala egin izan bada, ez zaio benetan duen garrantzia eman. Inork pentsatu al du blokeo horrek nola eragiten dien tokiko negozioei? Sarbidea eragozteak esan nahi du profesional askok ezin dutela zerbitzurik eman, bezeroak ezin direlako auzora sartu”.
Erabaki horrek merkatariei, dentistei, fisioterapeutei, ile apaindegiei eta beste hainbat negoziori eragiten diela salatu dute. Merkatarien elkarteak galdera batzuk zuzendu dizkie agintariei: “Zergatik mozten da sarbidea, bereizi gabe? Ez al dago kudeatzeko beste modurik? Badakigu auzo bateko bizilagunak, profesionalak eta bezeroak zigortzen ari garela futbol talde bateko zale talde baten erruz?”.
Ultren gaineko kontrola
Ba Gerak Anderlecht taldeko muturreko jarraitzaileen inguruko kontrola beste modu batera egiteko eskatu du. “Ultra arriskutsu horiek ez dira gure hiria bisitatzera datorren txangozale talde bat, eta, beraz, ez dugu haiei sarrera eta zirkulazio askea errazteko betebeharrik. Arriskutsuak badira eta arriskutsuak direla jakina bada, donostiarren segurtasuna eta zirkulazio askea bermatu behar dira, eta ez ultrena”, azaldu dute.
Horrela, jarraitzaile arriskutsuen autobusak Illunbera bideratzea eskatu dute, han gera daitezen partida hasi arte. “Egoera horietan dauden beste hiri batzuen eredua jarraitzea proposatzen dugu. Neurri horiekin arazo bat sortu zaie herritarrei, eta galdetu besterik ezin dugu egin ea hau den egoera hauetan izango dugun politika: hiria moztea?”, deitoratu dute.