Atrako bat eta 22 urteko gazte heroinazale bat hilda, 1984ean Herreran
Gertakari lazgarria jazo zen Herreran, 1984ko martxoan: 22 eta 17 urteko bi gazte heroinazalek banketxe batean hamahiru lagun bahitu zituzten, heroina apur baten eske. Bi ordutako negoziaketak bahituen bizitza salbatzeko balio izan zuen, ez ordea, Fausto Galenderena.
1980ko hamarkadan, heroinaren trafikoak eta kontsumoak bizitzak eta familiak suntsitu zituen, langile auzo eta herrietan, bereziki, sarraski izugarriak eraginez. Kasu askotan, lapurretak eta atrakoak kontsumorako behar zen dirua lortzeko bide nagusi bihurtu ziren.
1984an, Espainiako atrakoen errekorra ezarri zen, 6.234 lapurreta erregistratu baitziren, batez beste, hamazazpi eguneko. Urte horretako martxoaren 29an, Herrerako Aurrezki Kutxa Probintzialaren sukurtsalean atrako horietako bat gertatu zen, amaiera lazgarriarekin. Hurrengo egunean, El Pais egunkariak Jose Luis Barberiak idatzitako kronika zehatza argitaratu zuen. Bertan, lapurrak polizia kideekin izan zuen elkarrizketaren transkripzioa jasotzen zen.
Kronikak «22 urteko heroinazale batek bere buruaz beste egin zuen Donostian, bi orduz banku batean hamar bahitu atxiki ondoren» izenburua zuen, eta honela hasten zen: «22 urteko gazte heroinazale batek, Fausto Galende Villanuevak, bere buruaz beste egin zuen atzo trakean tiro eginda, bi polizia nazional zauritu eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren Donostiako Herrera auzoko sukurtsaleko hamar bezero eta langile bi orduz beldurtuta eduki ondoren. Galende banketxean lapurreta egiten saiatu zen, eskopeta batekin eta 17 urteko mutil batekin, Albino Lauzon Vazquezekin».
«Heroina nahi dut, besterik ez!»
Goizeko 11:20ean sartu ziren bi gazteak banketxera, «hau atrako bat da. Heroina nahi dugu!», oihu artean. Banketxeko langileek segurtasuneko atea aktibatu, eta bertan babestu ziren hamar pertsona, tartean, langileak. Ordea, emakume bat, haur bat eta gizon heldu bat bunkerretik kanpo geratu ziren.
Berehala zabaldu zen auzoan izua, eta dozenaka bizilagun batu ziren hor inguruan. Espainiako Polizia eta Guardia Zibilaren hainbat agente bertaratu ziren, «neurriz kanpoko polizia dispositiboa» eginez, hedabideen arabera. Atrakatzaileekin negoziatzeko Gurutze Gorriko kide bat etorri zen, eta hainbat orduz gazteekin hitz egiteko aukera izan zuen.
Gazteek heroina eskatu zioten, baina Poliziak ez zuen baimentzen, horretarako baimen juridikorik ez zuelakoan. «Nik emango dizuet dirua eta esango dizuet non erosi. Ekarri bost gramo, eta libre utziko ditugu denak», esaten zuen Galdendek. Azkenean, metaserine dosi bat eskaini zieten —heroina ez bezala, efektuak ez dira berehalakoak, ordu erdi inguru tardatzen dute—, eta bahituak askatu zituzten. Gazteak oraindik barruan zeudela, bi polizia leihotik sartu, eta tiroak izan ziren. Lauzonek bere burua entregatu zuen, baina Galendek, komunean sartu, eta tiro egin zion bere buruari.
Heroinazaleak eta segurtasuna
Ezer ez da nahigabe gertatzen. Sei anai-arrebako familian, hiru ziren heroinazaleak. Apenas bi egun lehenago, arrebarekin eta amarekin Gipuzkoako Diputazioaren zerbitzu psikosozialetara joan ziren, laguntza eske. «Urgentziazkoa» zela eta, hilabete eta erdiren buruan eskaini zioten elkarrizketa Galenderi. Desesperazio momentu horretan gertatu ziren, bada, gertatutakoak.
Eguneroko ogia bihurtu ziren horrelako gertaerak Donostian 1980ko hamarkadan. Bidebieta eta Altza izan ziren heroinaren ondorioz auzo kolpatuenak, baina hiri osoan zabaldu ziren gazte heroinazaleak —askok oroitzen dutenez, Parte Zaharreko Plaza Berrian, Ikatz kalean eta Trinitate plazan ezin zen sartu ere egin—.
Belaunaldi oso batentzat sarraski latza suposatu zuen: hildakoak, IHESa, hepatitisa… Eta ingurukoentzat zer esanik ez. Biderkatu egin ziren lapurreta handi eta txikiak: «Adineko jendeari lepokoak eta poltsak tiraldi batez lapurtzea ohikoa zen Donostiako ia edozein auzotan», oroitzen du garai hartan Egiako auzo elkartean zebilen kide batek. «Beldurra» zela eta, «segurtasun» handiagoa eskatzen hasi ziren hainbat bizilagun elkarte. Adibidez, Bidebietan, heroinazaleen etxeetara manifestazioa egin zuten, haiek jipoitzeko asmoz.
Zorionez, Askagintzaren moduko elkarteen lanari esker, drogen auziari beste begirada bat gehitu zitzaion: heroinazaleak etsai gisa ikusi beharrean, lagundu beharreko bizilagun gisa ikusten hasi ziren. Ziztadak jasotzeko postuak sortzen hasi ziren, xiringa garbiak banatzen eta kontzientziazio lana egiten. Eta garrantzitsuena, erantzuleak seinalatzen. Ez zen lan erraza izan, baina denborarekin estigma gainditu, eta arazoari errotik heldu zioten, alferrikako biktima berriak sortu gabe.
Gaur egungo segurtasunaren inguruko eztabaidetara ekarri genitzakeen garai hartako irakaspen asko. •