Berdeguneek estaliko dute zaborraren historia
San Marko zabortegia behin betiko itxiko dute etorkizun laburrean. Hiru milioi tona zabor lurperatuta, eremuaren berreskuratze eta zigilatze proiektua burutuko dute bi urtean, gehienez, eta larre berdeak bueltatuko dira 40 urtez hondakinen poltsak nagusitu diren eremura.
San Markok zabortegiaren pasartea lurperatuko du hemendik gutxira. Urte luzez kontrolak egin beharko dituzten arren, zabortegia ixteko eta zigilatzeko azken lanak abiatu berri ditu mankomunitateak, eta, beraz, «urte eta erdian edo bi urtean» behin betiko itxiko dute eremua, Eñaut Gracia mankomunitateko presidenteak jakinarazi duenez.
Horretarako, azken fasean, C izenez izendatu duten hamar hektareako eremua kapsulatuko dute; hau da, kapa geosintetiko bat ezarriko dute gainazalean, hiru milioi tona zabor estaltzeko. Hondakinen azpian ere halako geruza bat dagoenez, bi estalkiren artean geratuko da zaborra. «Obra handi bat da, termino herrikoietan esanda, Anoetaren tankerako hamalau futbol zelairen eremua hartzen baitu eremuak», adierazi du Graciak.
Graciak agerraldia egin du aste honetan Donostiako, Astigarragako eta Errenteriako udaletako ordezkariekin batera, azken fasearen nondik norakoak azaldu eta aurrera begira dituzten aurreikuspenak elkarbanatzeko. Adierazi duenez, lan horien bitartez, hainbat motatako zigilatzeez gain, indartzeak, drainatze sistemak eta geruzak ezarri beharko dituzte, euri iragazketetako urak bideratzeko eta husteko.
«7 milioi euroan» lizitatu diren lanok, halaber, zabortegiaren egungo azpiegiturak ere eraitsiko ditu. Izan ere, presidenteak azaldu moduan, transferentzia estazio izaten jarraitu du itxieraz geroztik; hau da, zaborra bildu ez arren, sarreratik gertuen dagoen eremuko instalazioek kamioietako hondakinak jaso eta trinkotu dituzte, Gipuzkoako beste zabortegi batzuetara lekualdatu aurretik.
30 urteko kontrola
Zabortegia ixteko eta zigilatzeko 20 urteko proiektuari, 30 urteko jarraipen zorrotzak emango di0 segida, mankomunitateko presidenteak iragarri duenez, inguruaren osasungarritasuna bermatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da datozen hiru hamarkadetan ikuskatze eta kontrol lanekin jarraitzea.
Hala, besteak beste, isuririk ez dagoela eta lixibatuak kontrolpean daudela egiaztatu beharko dute teknikariek, aldian-aldian: «Hau ez da etxeko atea itxi eta alde egitea bezala. Azkenean, hiru milioi hondakin eta denetik egon daiteke hor, eta oso jarraipen zorrotza egin behar da, askotariko teknikari eta organismoen bitartez», adierazi zuen presidenteak.
Graciak argi utzi zuen, halaber, datozen 30 urteetan lur horiek legezko prozedura jarraituko dutela soilik, eta, beraz, ezin izango dela proiektu urbanistikorik bideratu: «Eremu honek tratamendu motaren eta ingurumen baimenen irakurketa juridikoa du, eta ezin duzu nahi duzuna egin. Datozen 30 urteetan, beraz, ez dugu ez etxerik, ez merkataritza gunerik ikusiko hemen» .
«Hau ez da etxeko atea itxi eta alde egitea bezala. Azkenean, hiru milioi hondakin eta denetik egon daiteke hor»
Eñaut Gracia, San Marko ankomunitateko presidentea
Usainak eta kamioiak urte luzez
San Marko 1970eko hamarkadan hasi ziren erabiltzen zabortegi gisa. Hasieran, Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzungo udalerriek osatzen zuten mankomunitateak ustiatzen zuen eremua, baina 1988. urtean egokitzapen eta handitze obrak egin zituzten, udalerrien elkartea zabaldu eta beste herri batzuetako hondakinak jasotzeko. Hala, urte hartatik aurrera, aipatutako udalerrietako hondakinez gain, Donostiakoak eta, geroago, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta eta Hernani udalerrietakoak ere hartu zituen.
Urte horietan guztietan, Errenteriako Beraun auzoko eta Altzako bizilagunek pairatu zituzten ustiapenaren ondorioak, batik bat: «Zabortegiak 5.000 biztanle dituen Beraun auzoan eragin du, nagusiki. Urteetan, 200 metrotara jasan behar izan dituzte usainak eta trafikoa. Hiru milioi tona hondakin badaude, atera kontuak zenbat bider pasatu diren kamioiak», adierazi zuen mankomunitateko presidenteak.
Bizilagunek urteetan salatu zituzten usain txarrak eta, are gehiago, zabortegiak inguruko bizilagunengan gaixotasunak eragiten zituela baieztatu zuten euren protestetan. San Marko eremuaren itxiera aldarrikatu ez ezik, neurriak har zitzatela eskatu zieten ordezkari politikoei behin baino gehiagotan, baina ustiapenak bere horretan jarraitu zuen; izan ere, 2006an, Estatuko Osasun ministerioak zabortegiak sor zezakeen osasun arazo oro ezeztatu zuen.
Azkenean, erakunde arteko akordio baten ondorioz, San Marko zabortegiak hondakinak jasotzeari utzi zion 2008an eta ustiapen eremuak lurrez estali zituen.
Erraustegiak, lekukoa
2000. urterako, bideraezina ikusten zen orduraino mantendutako zabortegi ereduarekin jarraitzea. Gipuzkoako zabortegien antzera, Estatuko beste asko topera zeuden eta zaborrarentzat irtenbide eraginkor bat topatu beharra zegoen. Ordukoak dira, errausketaren eta etxez etxeko zabor bilketaren altenatibak, besteak beste.
San Markoren itxiera, hain zuzen, Zubietako erraustegiarekin zegoen lotuta zuzen-zuzenean, Altza eta Errenteria arteko eremua itxi eta gutxira, Eskusaitzetako azpiegitura berria irekitzea baitzuten xede PSE-EEk, EAJk eta PPk. EH Bildu, baina, proiektuaren aurka agertu zen, eta 2011n Donostiako Udala, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa eta Gipuzkoako Aldundia eskuratu zituenean, erraustegia geldiarazi zuen.
Proiektuak kateatuta jarraitu zuen bitartean, Donostialdeko hondakinak Gipuzkoako eta Bizkaiko beste zabortegietara bidali zituzten. EAJren legealdi berriarekin, baina, erraustegiaren proiektuari berrekin zioten, eta 2020az geroztik, Donostiako zaborra Zubietan erretzen da. •