Futbolaren eskuetan
Etxe guztietan bezala, gurean ere gai honekin ez gaude denok ados. Baina lasai egon zaitezke: lerro hauetan ez duzu sekula leituko futbolaren aldeko testurik. Ez, behintzat, arkatz honen izenean.
Eta esango du baten batek: «Tira, ez da futbola: futbol modernoa da». Ez. Ez saiatu gu engainatzen. Noski, neska-mutilek txikitan jolasten duten futbolaren kontra posizionatzea ez dela horren begi bistakoa. Baina, noski, ez da neska-mutilen kirola: txiki-txikitatik da mutilena, nesken kontra eta marikiten kontra. Ez al duzu oroitzen eskolako patioaren banaketa? Eta baloikadena?
Frantses liberalek islamarekin esaten duten moduan: «Egin dezatela nahi dutena, baina pribatuan». Bada, antzekoa negozio horrekin: utzi dezatela propaganda eta subentzio eta komeria guztiak antolatzeari, Amara Berriko bizilagunek bake pixka bat izan dezaten.
Bestela, beti haien eskuetan gaude. Realzaleen eta ultren eta aberatsen eta gizonkoteen esku, alegia.