«Hippya dirudien arren, beti defendatu dut 'artea arteagatik' ideia»
Talde berri bat sortu da hirian: Mark Duti. Eta haien lehen lana argitaratu dute: hogei minutuko bi abestiz osatutako lan homonimoa. Martin Apalategi (bateria), Markel Alonso (baxua) eta Eneko Verdu (gitarra) musikariek osatzen dute.

Taldearen sorreraz hitz egidazu. Nola hasi zineten?
Pavloven Txakurrak taldea genuen lehen, eta entseguen artean, inprobisazio saioak egiten genituen. 2018an hasi ginen, eta gauza nahikotxo grabatu genituen, baina pandemia zela eta hor geratu zen. Aurten, konturatu gara lana erdi bukatuta genuela, eta berriro batu gara grabatzeko.
Eta zuen kabuz grabatu duzue.
Bai, eta horrek baimendu digu prozesua oso artisaua izatea. Argitaratzeko presarik ez genuenez, eta geuk egin dugunez guztia, nahi beste denbora hartu dugu. Presio asko jartzen da argitaratzeko dataren inguruan: «Udan inork ez du ateratzen, irailean atera behar duzu». Hori da «eztanda» egin nahi izatearen logika batekin, oihartzuna izateko helburuarekin. Guretzat, hasieratik izan da lagun arteko zerbait. Guretzako egin dugu bai musika, eta baita biniloa ere. Inork ez du egiten rock progresibo instrumentala. Beraz, irailean aterata ere, ez du inork entzungo! [barrez].
Ipuin bat kontatzen duzue diskoaren bitartez,
Gutxi gorabehera bai: Hasieran, basotik igarotzean, haitzulora sartzean, basamortuan agertu, tiroka hasi, sugea topatu, ihes egiten, utzi arte. Berez, 20 minutuko bi kanta baino ez dira, baina, argitaratzeko unean, zatika argitaratu genituen Interneten, guretzat ere zatika banatuta zeudelako. Kanta bakoitza istorioaren parte bat da, Mark Dutiren bidaiaren parte.
Friki xamarrak gara, eta kantuak jotzean horrelakoak pentsatzen genituen: «Kobazulo dibertigarri baten barruan gaudela dirudi…». Iruditeria jostagarri eta dibertigarri bat ekarri digu. Brometan hasi ginen Mark Dutiren kanten bidez denbora neurtzen: sugea batean iritsiko naiz. [barrez]
Edonola ere, istorio hori gerora sortu dugu, inprobisazioek iradoki digutenarekin. Musikak hartu gaitu gu, guk ez dugu ezer erabaki.
Zeintzuk dira zuen erreferentziak?
Hiruok nahiko melomanoak gara, eta frikiak musikarekin. Alan Parson Project, Yes, Mar Volta, King Gizzard & The Lizard Wizard… asko entzuten genituen garai horretan.
Diseinua berezia da.
Humanoidea zen pertsonaia bat nahi genuen, Jordi Triolak egin du, gure laguna, tatuatzailea. Japoniako tradi estiloa egiten du. Kristoren saltsa sortu genion, erreferentzia mordoa bidaliz, eta oso bizarroa hasi zen geratzen. Azkenean, nahi zuena egiteko esan genion, eta askatasun hori eman genionean atera zen guk nahi genuena.
Asmo komertzialik gabeak izan behar du musikak, zuen ustez?
Nik beti defendatu dut «artea arteagatik» ideia —pixka bat hippya geratzen den arren—. Musikaren atzean merkatu izugarria dago, 1960ko hamarkadatik globala eta maximizatua dena. Dirutza mugitzen duen negozioa da, ni neu ere horretara dedikatzen naiz, teknikaria bainaiz. Musikak izan behar du adierazteko bide bat; gero eta errazagoa da, gainera, musika egitea. Nik beti esan dut: musikan arrakasta izatea da musika egiten jarraitu ahal izatea. Interesgarriagoa da egitea, entseatzea eta sortzea, kontzertuak ematea baino.
Era berean, sozialena den artea da.
Bai, jendea batzen du, kapital soziala sortzen du… baina kontua da ez dugula merkatuarengandik baldintzatuak izan behar. Ezinezkoa da hortik guztiz ateratzea, baina ikuspegi hori da interesatzen zaidana.
Musikari eta teknikari gisa, nola ikusten duzu eszena?
Talde mordoa dago Euskal Herrian, eta oso onak. Aldatzen ari dena da gero eta gehiago ari dela negozio batean bihurtzen. Toki batera heltzen zara eta fakturak eskatzen dizkizute, profesionalak izango bagina bezala, baina gu, eta talde gehienak, ez gara profesionalak. Gaztetxeetan aukera gehiago dago taldeentzat, burokrazien filtrotik pasatu behar izan gabe, baina gaztetxeen gainbehera ikusita, zailagoa da. Salak besterik ez daude, eta horietan jotzeko norbait izan behar duzu. Eta hori oso zaila da. Jotzeko aukerak murriztu egin dira
Eta esperantzarik?
Jende mordoa ari da orain mobilizatzen gauzak beste modu batera egiteko: Balio Dute, Betepaeta, Oztoporik Ez!… Egoerari buelta ematen, eta baldintza duinagoak eskaintzen.
Donostian ia ezinezkoa da.
Dabadaban egiten dut lan, eta bete-beteta dago: hilabete honetan 22 kontzertu ditugu eta bertako bi talde edo egongo dira, azken finean salak negozio bat direlako. Dabadabak askotan arriskatzen du, talde bereziak ekarriz, eta gero jendea ez da joaten, jendea beti doa ezagutzen duen horretara. Zer leku gehiago ditugu? Mogambo eta gutxi gehiago.•