Superxagu jaiak: haur, gazte eta helduagoentzat
Uda bukatu da, baina ez Donostiako auzoetako jai herrikoiak. Hain zuzen ere, Amara Berrin, hurrengo astean murgilduko dira Superxagu jaietan, «udako azken jaietan», jai batzordekoek diotenez.
Superxagu maitatua prest dago Amara Berrira itzuli eta, beste behin, auzoa bere egiteko. Hain zuzen ere, astelehenean hasiko dira motorrak berotzen eta auzoa jaietarako prestatzen, eta ostiraletik igandera, jai giroa nagusituko da Amara Berrin. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Jai batzordeko Noa Goikoetxeak eta Ainhoa Aldazurik azaldu dutenez, ekainetik dabiltza jaien antolaketan buru-belarri; abuztuko geldialdiarekin, hori bai: «Batez ere, Aste Nagusi Pirata dela eta, geldialditxoa egiten dugu abuztuan, baina ez ditugu auzoko jaiak ahazten, parrandak aprobetxatzen baititugu jai batzorderako fitxaketak egiteko». Hain zuzen ere, fruituak eman ditu fitxaketa merkatu berezi horrek: «Jai batzordean hiru pertsona berri sartu dira, gazteak, eta asko eskertzen dugu, horrela belaunaldi erreleboa bermatzen dugulako. Bestela, betikoak gaude», nabarmendu du Goikoetxeak.
Igandeko egitaraua indartu dute
Abuztuko etenaldia eta fitxaketak eginda, atzerako kontaketan murgilduta egon dira azken asteotan, baina egitarau oparoa ontzea lortu dute. Betiko jarduera arrakastatsuak ez dira faltatuko, noski, baina berritasun batzuk ere prestatu dituzte: «Saiatu gara igandeko egitaraua indartzen, jaiak behar bezala ixteko. Zeren, askotan gertatzen da larunbatean jende asko dagoela eta igandean jai batzordekoak baino ez», azaldu du Aldazurik. Ildo beretik jo du Goikoetxeak: «Haurrentzako eta gazteontzako jarduera ugari izaten ditugu urtero, baina auzotar helduagoetara heldu nahi dugu baita ere, eta horretan jarri dugu fokua igandeko egitarauan: plaza dantzak, tortilla txapelketa, eta abar».
Ideia horri jarraiki, haurrentzako edo gazteentzako jolasak antolatu ordez, jolas inklusiboak antolatu dituzte aurten larunbat eguerdirako, «haur, gazte zein helduak elkarrekin jolastu daitezen; elkar ezagutzeko eta bizikidetza sustatzeko», Aldazuriren hitzetan.
Berritasunetatik harago ere bada zer nabarmendu egitarauan, hala nola, musika eskaintza, batzordekideek azaldu dutenez: «Aurten ere Bidean erromeria etorriko da, oso giro ona jartzen baitute urtero auzoan. Bestalde, Mugan taldeko hainbat kide auzokoak dira, eta duela bost urte, taldea sortu zutenean, hemen eman zuten lehenengo kontzertua. Urteotan egindako ibilbidea aitortzeko, bosgarren urteurrenaren bueltan ekarriko ditugu berriz».
Jaiegun arrotzei aurre eginez
Urteroko legez, urriaren 12ko Hispanitatearen Egunak Superxagu jaiekin bat egingo du, eta jaiegun arrotz horri jai herrikoak ospatuz egingo diote aurre, besteak beste, NAN jaurtiketa arrakastatsuarekin: «Aurten, gauez egingo dugu, arratsaldez egin ordez. Jarduera errotua da dagoeneko gure jaietan. Ea zenbat NAN galtzen diren!», dio Goikoetxeak, barrez. Apur bat kezkatuta ere badaude, larunbata baita aurten urriaren 12a, eta jaieguna izateaz gain, errugbi partida jendetsu bat jokatuko da Anoetan, jai gunearen ondoan: «Espero dugu jaiei gehiegi ez eragitea!».
Antiguako sansebastianetara arte, ez da beste jai herrikoirik ospatuko Donostiako auzoetan, beraz, halako jaiez gozatzeko azken aukera dute donostiarrek hurrengo asteburuan, Amara Berrikoekin eta Martutenekoekin, Amara Berrikoek dioten moduan, «uda benetan ixteko».