Udalak «irmoki» gaitzetsi ditu atzo Anoetan gertatutako istiluak
Eneko Goiak UEFAri eskatu dio neurriak hartu ditzan "zale erradikalak" estadioetara ez sartzeko
Anoetako estadioan atzo gertatutako istiluak Donostiako Udalaren eta Realaren “pazientzia agortu” dute. Eneko Goia alkateak bere haserrea adierazi du eta irmoki gaitzetsi ditu futboletik kanporatu beharreko gutxiengo ultra batek sortutako istiluak.
Alkatea “oso haserre” agertu da eta honakoa azpimarratu du: “Onartezina da ultra talde batek kirol ekitaldi bat eta hiri baten eguneko jarduna baldintzatzea. Guztiok atsegin dugu futbola eta guztiok ikusi nahi ditugu Txapeldunen Ligako edo Europa Liga partidak, baina ez talde biolento baten erruz hiri baten bizitza baldintzatuta”. Goiaren ustez, “bada garaia klubek gaiari heltzeko eta pertsona biolento hauek estadioetatik botatzeko”.
Futbolaz disfrutatzeko “eskubidea” duten arren, kanpotik “partidaz bizikidetzaz disfrutatzera” ez datozenak ez direla “ongietorriak” izango adierazi du: “Ezin duguna inolaz ere onartu da klub bat derrigortzea sarrerak saltzera atzoko portaerak dituzten zaletuei”.
Era berean, bere elkartasuna adierazi die atzokoan partida normaltasunez ikusi ezin izan zuten zaleei: “Ez da bidezkoa hainbat pertsonak, estadiora haurrekin futbolaz disfrutatzera joaten diren familiak, korrika euren eserlekuetatik alde egin behar izatea norbaitek gauzak jaurtitzen dizkielako”.
Horiek horrela, Donostiako alkateak adierazi du Realak UEFAri atzo egindako eskaera babestuko duela: biolentoak diren zaleei sarrerak ez saltzeko eskaera, hain zuzen: “Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari bilera eskatuko diogu, sarreren salmenta ekidin ezin denean, eta arrisku handiko partidak direnean, kanpoko zaleak hiritik kanpoko lekuren batetan eraman ditzaten donostiarren bizitza ez baldintzatzeko”.
Linas Korta argazkilariak ultra belgikarrek Anoetaraino ertzainez inguratuta egindako bidea erretratatu zuen: