Hamarrekoa
Txuri Urdineko neskek aise menderatu dute Jaca (10-0), eta lidergoa sendotu dute.
Txuri Urdin izotz hockey taldeko neskek eta mutilek txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte asteburuan. Neskek denboraldiko bigarren garaipena lortu zuten etxean, arerio zuzen bati irabazita. Hain zuzen ere, Jaca mendean hartu zuten (10-0). Bitik bi partida irabazita, liderrak dira. Mutilek, berriz, gutxigatik galdu zuten Jacaren kontra, haien pistan (4-3). Bigarren porrota haientzat, eta, beraz, bolada txarrari buelta emateko lanean jarraitu beharko dute.
Belar hockeyan, Reala ezinean dabil sailkapeneko lehen postuetan aritzen diren taldeen aurka. Oraingoan, Zubietan galdu zuten Egararen aurka (2-3). Aurkaria sendo aritu zen neurketako partida erabakigarrienetan, eta txuri-urdinak berdintzen ahalegindu arren, ez zuten lortu. Sasoi hasiera gazi-gozoa ari da izaten, eta gozotik jotzeko joko maila badutela erakutsi dute.
Futbolean, asteburua ona izan da Realeko bi taldeentzat. Neskek hirugarren garaipena jarraian lortu zuten Granadaren zelaian irabazita (0-2). Vanegasek faltaz egindako gol ederrari esker aurreratu ziren markagailuan, eta abantaila horrekin jokatzen asmatu zuten. Dena dela, luzapenean, Cahynovak egin zuen bigarren gola. Sailkapenean nabarmen egin dute gora, eta, orain, bosgarren tokian daude bederatzi punturekin.
Mutilek, berriz, puntu ona eskuratu zuten atzo Atletico Madrilen kontra jokaturiko partida zailean (1-1). Anoeta goraino bete zen horren gutxi estimatzen den arerioa estutzeko. Ordea, madrildarrak lehen minutuan aurreratu ziren markagailuan, eta neurketa maldan gora jarri zitzaion Realari. Ez zuten etsi, eta berdinketaren bila ibili ziren lehen zatian, eta baita bigarrenean ere. Saria, partida bukatzeko hamar minutu falta zirenean lortu zuten txuri-urdinek. Baloia lapurtu, Oiartzabal kapitainak Sucic erdilariari pasatu, eta zartako eder batez baloia ate barrura bidali zuen. Azken unean, Kubok norgehiagoka irabazteko aukera paregabea izan zuen, baina baloia kanpora joan zitzaion. Sailkapenean, hamabosgarren postuan daude bederatzi punturekin.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ez du nahi moduan hasi emakumezkoen liga. Gaska kiroldegian jokatu arren, ez ziren gai etxeko zaleei garaipen bat eskaintzeko. Jairis talde murtziarrak hobeto aritu zen, eta donostiarrek amore eman behar izan zuten (59-67). Gipuzkoa Basketek ere galdu egin zuen, lehen FEB mailako talde zailenetako baten aurka. Palenciak faborito izaera berretsi zuen partida irabazita (78-68).
Bukatzeko, eskubaloian, Bera Berak bi goleko errenta lortu zuen Europako Ligako lehen kanporaketan. Benficaren etxean jokatu zuten, eta neurketa on bati esker, bi goleko aldearekin menderatu zituzten (28-30). Datorren larunbatean itzulerakoa jokatuko dute Gaska kiroldegian.
EMAITZAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Txuri Urdin 10 — Jaca 0
Gizonezkoen liga, 3. jardunaldia
- Jaca 4 — Txuri Urdin 3
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Reala 2 – Egara 3
Futbola
Gizonezkoen liga, 9. jardunaldia
- Reala 1 – Atletico Madril 1
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Granada 0 – Reala 2
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 1. jardunaldia
- Ibaeta Basket 59 – Jairis 67
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 2. jardunaldia
- Palencia 78 – Gipuzkoa Basket 68
Eskubaloia
Europako Liga QR2, 1. jardunaldia
- Benfica 28 — Bera Bera 30