XVIII. mendeko Donostiako udaletxea birsortu dute, errealitate birtualaren bidez
Plazara! egitasmoaren barruan, XVIII. mendeko Donostiako udaletxea eta bere plaza birsortu eta aurkeztu dute Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako kideek (EHAEO), errealitate birtuala baliatuz. Larunbatean egindako saioan, bertaratutako familiei errealitate birtualaren bidez erakutsi zieten Hercules Torellik 1723an diseinatutako udaletxea eta bere plaza. Behean ikus dezakezue bideoa.
Arkitekturaren Munduko Egunaren egitarauaren hasiera izan zen saioa, eta Juana Otxoa-Errarte EHAEOren Gipuzkoako presidenteak azaldu zuen 2025eko udazkenean aurkeztuko dutela Plazara!-ren emaitza osoa. Egitasmoaren xedea da herritarrei erakustea 1813ko erreketaren eta sarraskiaren aurretik Donostiako Parte Zaharra nolakoa zen, errealitate birtualaren bidez.