Arte Ederren eraikinean eraitsitako kupularen erreplika jartzen hasi dira
Erortzeko arriskua argudiatuta, 2015ean jatorrizko kupula botatzea baimendu zuen udalak.
72. Donostiako Zinemaldiak foku batzuk Arte Ederren eraikinaren etorkizunari begira jarri zituen. Inaugurazio galan, aurkezleek deitoratu zuten hiriak eraikin hura, eta, batez ere, barruan zuen zinematografo zaharra galdu izana. Une honetan, eraikina luxuzko Hilton hotel bihurtzeko lanetan dihardute, eta gaur hasi dira jatorrizko kupularen erreplika bat jartzen.
SADEk jakinarazi duenez, Arte Ederren eraikinak kupula “berreskuratuko” du. Gogoratu behar da 1914an eraikitako jatorrizko kupula 2015ean suntsitu zuela SADEk berak. Eneko Tuduri artearen historialariak hedabide honi pasa den astean eskainitako elkarrizketan, enpresaren jokabidea kritikatu zuen: “2015ean, SADEk kupula kentzeko baimena eskatu zion Donostiako Udalari, argudiatuz egoera txarrean zegoela eta eror zitekeela. Udala prest agertu zen, baina, dirudienez, baldintza batekin: kupula berregitea. Hilabete batzuk beranduago bota zuten, eta 2016an berregiteko lanak adostu arren, ez zen horrelakorik gertatu”.
Palacio de Bellas Artes de San Sebastian izango da eraikin horretan eraikitzen ari diren hotelaren izena. Hasiera batean, 2024an zehar irekiko zutela iragarri zuten SADEk eta Hilton kate estatubatuarrak. Ordea, gaur adierazi dutenez, 2025ean zabalduko ditu ateak.