Donostiako udaltzainek taser pistolak izango al dituzte 2025etik aurrera?
Udalaren asmoa da aurrekontuan taser pistola "baten bat" erosteko aukera sartzea, baina oraindik ez da ziurra.
Joan den astean hainbat hedabidek zabaldu zuten Donostiako Udaltzaingoak taser pistolak izango dituela 2025etik aurrera. IRUTXULOKO HITZA-k baieztatu duenez, “baten bat” erostea da asmoa, baina oraindik ez dago zehaztuta ez zenbat, ez zer erabilerarekin. Oraindik onartuta ez dagoen aurrekontu sail hori, udalak azaldu duenez, “ez da soilik pistolak erosteko izango, formazioa ere aurreikusita egongo da, agenteek formazio berezia izan behar dutelako horrelako arma bat erosteko”.
Era berean, udalak gezurtatu du “arma zurien erabilera handitu” delako erosi nahi izatea taser pistola hauek: “Hori Gasteizek emandako arrazoia da. Gure arrazoia ez da hori”. Udalak adierazitakoaren arabera, Udaltzaingoa “modernizazio” prozesu batean dago, eta “ikusi dute horrelako arma batzuk izatea prozesu horrekin bat egiten duela”.
Honela, udalaren iturriek adierazitakoaren arabera, “formakuntzan” jarriko da lehentasuna, eta ez lirateke bost pistola baino gehiago izango. Edonola ere, aurrekontua ez dago oraindik onartuta.
Ertzaintzak 2017tik ditu taser pistolak, eta lehen aldiz, 2018an erabili zuen Gasteizen. Hain zuzen, Esan sindikatuak irailean eskatu zuen udaltzainei taser pistolak banatzea. Gipuzkoan, Donostia izango litzateke pistola elektrikoak Udaltzaingoaren ekipamenduan sartuko lituzkeen lehen udalerria. Bizkaian, bestalde, dagoeneko ezarrita daude Sestaon, Santurtzin eta Basaurin, eta laster Barakaldoko, Durangoko eta Trapagarangoko Udaltzaingoetara zabalduko dira.
Zer dira taser pistolak?
Taser pistolak edo pistola elektrikoak ohikoak baino handixeagoak dira, eta korronte elektrikoa erabiltzen dute aldi baterako ezgaitzeko. Ohikoenetako batek 50.000 volteko deskarga bat aska dezake bost segundoz, eta pertsona bat geldiarazten du. Zehazki, armari berari konektatutako bi dardo jaurtitzen ditu, eta, horien ondorioz, segundo batzuetan pertsonak ez ditu kontrolatzen bere muskulu mugimenduak. Modelo ohikoenek hamahiru metroko irismena dute, gehienez. Modelo batzuek bideo kamerak ere badituzte, informazio guztia biltzeko, ondoren aztertu ahal izateko eta, horrela, poliziaren jardunaren berme juridikoa eskaintzeko, bai eta zorroen erregistro automatikoa eskaintzeko ere.
Katalunian, 2021ean gizon bat hil zuten mossoek, eta Parlamentuak araututako irizpideetatik kanpo jarduten dutela salatu izan dute hainbat eragilek. Reuters agentziak egindako ikerketa baten arabera, AEBetan 1.081 hildako eragin ditu arma honek. Izan ere, berez hilgarria ez den arren, osasun arazoren bat izanez gero, emaitzak atzera bueltarik gabekoak izan daitezke. Bihotz osasun arazoak dituzten elkarteek salaketa ugari jarri dituzte, kolektibo bereziki zaurgarria direlako, eta polizia agenteek tiro egin aurretik ezin dutelako jakin. Amnesty Internationalek ere hainbatetan salatu du arma hauen erabilera.