Haizearen Orraziaren plaza birgaitua irekiko dute 2025eko abuztuan
Eremuaren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatuko duen proiektuari argi berdeak eman dio udalak, Kostaldeko Zuzendaritzaren emakidaren ostean.
Udalak Haizearen Orrazia plaza birgaitzeko obren kontratatzeko espedientea onartu berri du. Udalaren aurreikuspenen arabera, adjudikaziotik aurrera epe bat itxaron beharko denez, 2025eko otsailean hasiko dituzte lanok, eta abuztuan amaitu: “Egia da udal gobernuan baloratu genuela ea komenigarrira zen atzeratzea edo ez uda salbatzeko, baina hainbeste denbora pasatu eta gero erabaki genuen hobe zela aurrera egitea, eta lehenbailehen obra hauek amaitzea”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Goiak nabarmendu duenez, “prozesua zaila eta luzea” izan da Kostaldeko Zuzendaritzaren emakidaren zain izan direlako udalean denbora luzez: “Gustatuko zitzaigun 2024. urte honetan egin ahal izatea, Txillidaren urtea delako. 2025ean izango da, baina tira, iritsi da”, aitortu du. Otsailean abiatuko dituzten lan horietan segurtasun eta irisgarritasun baldintzak bermatuko dituen sistema bat sortuko dute. Hala, mendi magala egonkortzeaz gain, esku hartze orokorrak egingo dira saneamenduan, granitoaren garbiketan, argiztapenean eta plataforma irisgarritasunean, besteak beste.
Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, beste esku hartze puntual batzuk ere aurreikusten dira; hala nola, bankua kentzea, berreraikitzea, metalezko estalkiak aldatzea, pitzatutako piezak ordeztea edo konpontzea eta behin behineko hesia kentzea. Alkateak gaineratu duenez, proiektu hori Peña Ganchegui y Asociados arkitektura estudioak idatzi du, 1.493.748 euroko aurrekontua eta 6 hilabeteko egikaritze epea ditu.