'Querer' telesailean aktore donostiarrak presente daude
Movistar Plus+ plataformak urriaren 17an estreinatuko du Querer telesaila. Alauda Ruiz de Azua bizkaitarrak zuzendu du, eta Donostiak presentzia nabarmena du aktore taldean.
Nagore Aranburu da protagonista, Donostian bizi den aktore azpeitiarra. Loreto Mauleon aktore donostiarra eta hirian bizi den Jon Olivares aktore gipuzkoarra ere agertzen dira telesailean. Pedro Casablanc, Miguel Bernardeau eta Ivan Pellicer dira beste aktore batzuk.
30 urtez ezkonduta eman eta bi seme-alaba elkarrekin izan ondoren, Mirenek —Nagore Aranburu— senarra utzi eta etengabe bortxatzeagatik salatuko du. Salaketa larri horren ondorioz, seme-alabek aukeratu egin behar dute: amari sinistu ala errugabea dela dioen aitaren alde egin.
72. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten telesaila lehiaz kanpo, eta, oro har, harrera ona izan zuen. Aurkezpenean, Aranburuk aitortu zuen Mirenen rola “arduraz” hartu zuela: “Hasieran, gidoia irakurri eta Mirenen pertsonaia ezagutzean, ardura sentitu nuen. Pertsonaia bera lantzen joan bezala, ordea, burutik kendu nuen ardura hori, eta kasu zehatz gisa lantzen hasi nintzen. Orduan hasi nintzen lasaitzen. Emakume horren azalean jartzen saiatu nintzen, haren errutinak lantzen, zer nolako bizipenak izan zituen ezagutzen… Atzeko lana intentsitate handikoa izan da, baina gozagarria aldi berean”.