Udazkenak onddo zaporea du Loiolan
Mikologia Jardunaldiak antolatzen ditu urtero Loiolako Loiolatarra Kirol Elkarteak, eta jardunaldiei amaiera ematen dien egun handia ospatu zuten igandean. Onddoen munduan murgiltzeko jarduerak, bisita gidatuak eta bertako produktuen merkatua antolatu zituzten.
Udazkenak zapore goxoa izan ohi du Loiolan. Urriaren hasiera aldera, zita garrantzitsu batek auzotarrak eta bisitari mordoa batzen ditu duela 25 urtez geroztik. Loiolatarra Kirol Elkarteko Mikologia Batzordeak jardunaldiak antolatzen ditu urtero, eta jardunaldien amaiera eguna auzoak bizi duen egunik “politenetariko” bat da, auzokide batzuen ustez.
Naturaren koloreek bete zuten igandean Latsarien plaza, 10:30etik 14:30era. Ordu batzuez, onddoen mundura gerturatzeko salmenta postu eta jarduera ugari antolatu zituen Loiolatarrak, familia eta lagunartean gozatzeko. Benetako jai bat izaten da Loiolako Perretxiko Eguna, gure mendietako kulturara eta gastronomiara sustraietatik lotzen gaituen aitzakia bat.
Perretxiko festa
Bete-betean jo du udazkenak Loiolan, eta eguraldia lagun, Loiolatarrako kideak dena prestatzen ibili ziren goizean goiz, bisitariak etortzerako garaian dena puntu-puntuan egon zedin. Aurtengo aldian, 205 onddo mota desberdin jarri zituzten ikusgai igandean plazan, eta horrez gain, salmenta postu eta jarduera ugarik eman zuten onddoen mundura gerturatzeko aukera; esaterako, Patxi Lago batzordeko kideak bisita gidatuak eskaini zituen onddoen ibilbidean barrena: “Jendeak interes handia du eta txundituta geratzen da ikusten duenarekin”, adierazi zuen Lagok. Auzoko jendea zein kanpokoa biltzen ditu jakin-minak. Haur, gazte zein helduak.
Plazako aterpea haurrena izan zen. Javier Espigares margolari eta elkarteko kideak pintura tailerra eskaintzen du urtero etxeko txikientzako, eta egurrezko perretxiko erraldoiak margotzen ibili ziren aurtengoan ere. Gastronomiaren alde artistikoarekin bat egin zuten haurrek igandean, eta plazan bertan jarri zituzten erakusgai beren artelanak. Horretaz gain, bertako barazki, etxeko ogi eta pastelak, kontserbak, onddoak… denetik erosteko aukera izan zuten bisitariek, plazan osatu zuten merkatuan.
25 urte daramatza batzordeak Mikologia Jardunaldiak antolatzen, eta urtero “ugariagoak” direla azaldu zuen Lagok. Aurten, urteurrena dela eta, ekitaldi ugari egin zituzten azken asteetan, eta jendez lepo egon ziren denak: sukaldaritza ikastaroa, onddoen bazkaria, irailean argitaratu zuten onddoak protagonista diren errezeta liburuaren aurkezpena, hitzaldiak… Aurtengo jardunaldietan estatuko mikologo handien laguntza izan dute, gainera. Aimar Zubimendi auzotarraren ustetan, “publiko zabal batentzako” jarduerak dira Loiolatarrak eskaintzen dituenak, bereziki, jardunaldien amaiera eguna: “Oso interesgarria da sukaldaritza gustatzen zaion jendearentzat, baita jatea gustatzen zaienentzat ere. Haurrei zein helduei ematen diete hona gerturatzeko aukera”.
Onddo zaporeko orriak
Urteurrenarekin batera, onddoekin egindako errezeten liburua sortu dute Txus Orcajok eta Patxi Lagok berak. Biak dira mikologia batzordeko kideak eta sukaldariak, eta sari ugari irabazi dituzte urtetan zehar, Loiolatarraren izenean, onddoak sukaldaritzan duten presentzia ederki erakusteagatik. Aurten, pauso bat aurrera eman dute, eta errezeta liburua argitaratu dute, etxean ere norberak saritzeko moduko errezetak egin ditzan, denak, onddoak erabiliz.
Liburuen salmentarekin lortutako diru guztia Zaporeak proiektuarentzako izango da. “Sukaldaritza liburu bat baino hoberik ez dago, oso gaizki pasatzen ari den jendeari jaten ematen ari den norbaitentzat dirua ateratzeko”, adierazi zuen Lagok. Esan zuenez, jardunaldietan buru-belarri egon dira Zaporeakekoak beti, eta Peio Garcia Amianoren partaidetza azpimarratu nahi izan zuen Lagok, proiektuaren Intxaurrondoko taldearen ordezkariarena: “Maila altuko sukaldariak ekarri izan ditu Peiok gurera kozinatzera, ikastarotxoak ematera… eta polita iruditu zitzaigun 25 urteko zikloa Zaporeakekin ixtea, nolabait”. Salmenta arrakastatsua izan da auzoan.
Lurraren koloreak izan ziren igandean protagonista Loiolan; lurrarenak, naturarenak eta gure bazterrak osatzen dituztenenak. Onddo zaporea du auzoak udazkena heltzean, eta auzotarrek ederki aprobetxatzen dute ona denaz disfrutatzeko aukera.