Aldundiak hartu du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren gidaritza
Igandean, hilaren 13an, Gipuzkoako txirrindularitzaren aldeko manifestazioa egingo dute, 'Konponbidea!' lelopean.
Txirrindularitzak egoera zaila bizi du Gipuzkoan, lasterketak berme guztiekin antolatzeko trabak baino ez daudelako. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren gidaritza hartu duela, batez ere, antolatzen diren proba gehienak aurrera atera ahal izateko.
Aldundia federazioko kide ohiekin eta kubetako ordezkariekin bildu zen atzo, egoerari irtenbide bat emateko. Federazioaren zuzendaritzak irailaren 18an eman zuen dimisioa, eta irailaren 24an aldundiaren esku utzi zituen federazioaren ardurak. Horrela, aldundiak bere gain hartu du gidaritza, eta batzar orokor batera deitu du hilaren 17rako. Hauteskunde batzorde bat izendatzen ahaleginduko dira, eta datorren denboraldiko lasterketen egutegi bat diseinatuko dute, besteak beste.
Manifestaziorako oharra
Igandean, hilaren 13an, Gipuzkoako txirrindularitzaren aldeko manifestazioa egingo dute, Konponbidea! lelopean. Antonio Elorza belodromotik abiatuko dira 11:00etan, eta Bulebarrean bukatuko dute. Han ekitaldi xume eta laburra egingo dute. Martxaren harira, antolatzaileek aintzat hartzeko ohar batzuk plazaratu dituzte sareetan.
“Igandeko manifestazioan bakoitzak nahi duen bezala parte hartu ahal du, ibilbidea oinez edo bizikletaz osa daiteke; txirrindulari elkarte bakoitzak auto bat eta furgoneta bat ekar dezake, eta lotura motoak ere bertaratuko dira”, adierazi dute. Horren aurrean, “gutxiengo orden bat” izateko proposamena luzatu dute: “Konponbidea eskatuz, manifestazio buruan pankarta joango da, klub edo eskola ezberdineko kideek eramanda. Oinezkoak joango dira pankartaren atzetik, eta hauen ondoren ibilbidea bizikletarekin osatu nahi dutenak. Oinezko eta txirrindularien atzetik, taldeetako autoak joango dira, eta, azkenik, furgonetak”, gaineratu dute.