Atef Abu Saif idazle palestinarra Groseko Zurriola ikastolan izan da
Joan den astean, Atef Abu Saif idazle palestinarra Groseko Zurriola ikastolan izan zen, Berria-ren eskutik egiten ari zen liburu aurkezpen biraren aitzakiapean. Batxilergoko lehenengo mailako ikasleekin izan zen elkarrizketan, galdera erantzunean. Enekoitz Telleria kazetariak jaso du kronika Berria-n.
Gazako eguneroko latzaren inguruan galderak egin zituzten gazteek, eta Abu Saifek banan-banan erantzun zituen. Egungo egoera, gerraren zergatia, Hamasi buruzko iritzia, Intifadari buruzkoa… Asko izan ziren ikasleen kezkak. Abu Saifek gerraren kontrako mezua zabaldu zuen, baina era berean, Palestinaren duintasunari buruz hitz egin zuen, gogora ekarriz gerra ez zela duela urtebete hasi.
Esther Amondarain ikastolako zuzendariak azaldu zuenez, “berehala” eman zuten baiezkoa, Berria-k Abu Saifen bisita jasotzeko proposamena egin zietenean. Aktualitateko gaiak ikasleekin lantzen dituzte ikastolan, eta Gazako sarraskia landu dute filosofiako eta ingelesezko saioetan.