HAPOaren parte hartze prozesuaren lehenengo pausoa ekialdean: mesfidantza eta haserrea
HAPO berriaren parte hartze prozesua abian da, eta Ekialdeko Barrutiko lehenengo bilera egin zuten asteartean. Auzotarrak haserre eta parte hartze prozesuarekin mesfidati agertu ziren, han zeuden zinegotziak isilik eta herritarrei bizkarra emanda egon ziren bitartean. Altza XXI plataformak mobilizatzera deitu zuen.
Eremuka banatu du Donostiako Udalak hiri antolamenduko plan orokor (HAPO) berriaren parte hartze prozesua, eta Ekialdeko Barrutiaren txanda zen atzo (hilak 8). Tomasene Kultur Etxeko aretoa ia guztiz bete zen HAPOaren aurrerakinak Altzan, Intxaurrondon eta Bidebietan nola eragingo duen jakiteko eta planaren idazketan benetan parte hartu nahi dutela adierazteko. Hala ere, amaieran hitza hartu zuten herritarrak udal gobernuaren jarrerarekin eta aurrerakinak planteatzen dituen gauza askorekin oso haserre agertu ziren, baita parte hartze prozesuarekin “mesfidati” ere. Bileraren ostean, Auditz Akular porlanez betetzearen aurka borrokatzen urteak daraman Altza XXI Herri Ekimenak herritarrak parte hartze prozesuan inplikatzera eta mobilizatzera animatu zituen. Hilaren 29an eta azaroaren 7an egingo dituzte hurrengo bilerak ekialdean.
Ordubete pasatxoko bileran, minutu erdi inguruz baino ez zuen hitz egin agintari publiko batek astearteko bileran. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia izan zen, eta saioaren hasieran hartu zuen hitza, batik bat, parte hartze prozesua diseinatu duten Osoigo eta RAZ enpresetako Xabier Murua eta Ander Gortazar aurkezteko. Hortik aurrera, Arzallus bera eta Mariaje Idoeta Auzoetako zinegotzia lehenengo ilaran eserita bazeuden ere, Murua eta Gortazar izan ziren hitz egin zuten bakarrak eta, ondorioz, herritarren haserrea lehen lerroan pairatu zutenak, nahiz eta aurrerakina bera ez duten beraiek idatzi, udalak baizik.
Hizkuntzaren kudeaketa
Errealitate soziolinguistikoa dela eta, Altza da euskararen erabilera baxuena duen hiriko auzoa, eta udalak hori badaki, baina, hala ere, bertan antolatzen dituen bilera publikoetan aldibereko itzulpen zerbitzurik jarri gabe jarraitzen du, auzotarrek behin eta berriro eskatu badute ere. Ondorioz, aurkezpenen zatirik handienak gaztelaniaz egiten bukatzen da beti, eta atzokoa ez zen salbuespena izan.
Hori kritikatu zuen auzotar batek baino gehiagok bileraren amaieran, zinegotziak interpelatuz. Ordea, agintariek ez zuten erantzuteko asmorik agertu, ezta herritarrei begiratzeko buelta emateko ere—. Horrela, aurkezleek azaldu zuten udaletik esan zietela ez zegoela aldibereko itzulpenik jartzeko baliabiderik, eta hurrengo bileretan ere ez zela halakorik egongo, auzotarren haserrea nabarmen areagotuz.
Zalantzagarria da baliabide falta hori, ez baita horren zaila aipaturiko zerbitzua eskaintzea. Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak, esaterako, zerbitzu hori eskaini zuen ekainean Okendo Kultur Etxean emandako hitzaldi batean; herri eragile batek ahal badu, udal batek ezin du?
Altza salbuespen
Hizkuntzatik harago, aurrerakinaren eduki hainbatekin ere haserre agertu ziren hitza hartu zuten herritarrak. Alde batetik, parte hartze prozesuak auzo bakoitzaren egoeraren inguruko aurre lanketa bat behar duela aldarrikatu zuten, baita kritikatu ere aurrerakinak alternatiba gutxi jartzen dituela mahai gainean. Halaber, salatu zuten Auditz Akularreko 3.000 etxeen garapena planteatzen duela aurrerakinak esku hartze nagusi eta hirigintza irizpideen salbuespen bakar gisa, dagoeneko eraikita dagoen eremuetatik harago ez eraikitzearen aldeko apustua egiten baitu dokumentuak, Auditz Akularren izan ezik.
Hain zuzen ere, ekialdeko hirigintza garapen askotan ez da planteamendu alternatiborik jasotzen; Zardoya-Otis eremurako (Jolastokieta), adibidez, 456 etxebizitzen proiektu entzutetsua baino ez du jasotzen aurrerakinak, bestelako aukerarik mahaigaineratu gabe. Auditz Akularren kasuan, 3.000 etxebizitza eraikitzea gomendatzen da eta beste bi alternatiba planteatzen dira, baina ez jasotzea gomendatuz.
Etxebizitzaren arloan egin zituzten kritika gehienak herritarrek: “Altza ez da Donostiaren erdia, ez biztanle kopuruan, ez lurralde tamainan, ez errenta mailan ez ezertan. Orduan, zergatik hartu behar ditu Altzak hirian eraikiko diren etxebizitzen erdia? [12.038 etxebizitzatik, 5.320 ekialdeko auzoetan aurreikusten ditu aurrerakinak]. Gehienak publikoak izango direla oso ondo iruditzen zait, baina zenbat izango dira tasatuak? Errenta mailak ez du ematen etxebizitza tasatu bat erosteko; errenta txostenak egingo dira? Aurrerakinak dio Donostiako bost etxebizitzatik bat bigarren etxebizitza edo etxe turistikoa dela; honi helduko zaio? Hirigintza zinegotziak hori nahi du?”, esan zuen herritar batek. Orduan ere, Arzallusek ez zuen buelta emateko keinurik egin, ezta erantzuteko asmorik agertu ere.
Mesfidantza nagusi
Altza XXI Herri Ekimenak urteak daramatza Altza bizigarriago baten alde borrokatzen, eta, bereziki, Auditz Akular berdegune gisa uztearen alde borrokatzen. Bileran egon ziren plataformako bi kide, eta nabarmendu zuten “mesfidati” daudela parte hartze prozesuarekiko: “Zinegotziak bizkarra ematen ari zaizkigu. Urteak daramatzagu parte hartze prozesuetan parte hartzen, eta Altza beti da salbuespena. Iruditzen zaigu betikoa izango dela, itxuraz parte hartze prozesu bat egitea, dagoeneko prest duten traje batean sartu gaitezen”.
Hala eta guztiz ere, bileraren amaieran, bertaratutako herritarrak bildu zituzten Altza XXIkoek, eta parte hartze prozesuan parte hartzera animatu zituzten, Internet bidez zein hurrengo bileretan (urriak 29 eta azaroak 7), “behintzat, gure haserrea eta desadostasuna eraman dezaten aktetan”. Halaber, itxaropen mezu bat helarazi zuten: “Auditz Akularrekoa gelditu daiteke oraindik. Harria parkea dagoen tokian zortzi dorre eraiki nahi zituzten, eta herri mobilizazioari esker, gelditu zen”. Horrela, mobilizazioak antolatuko dituztela iragarri zuten, eta herritarrak parte hartzera deitu zituzten, HAPO berriak baldintzatuko baitu etorkizuneko Donostia nolakoa izango den.