Harkaitz Canok haur eta gazte literaturako Euskadi saria jaso du
Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (Erein) lanagatik jaso du Harkaitz Canok Euskadi Literatur saria, haur eta gazteentzako atalean. Isabel Hergeraren ilustrazioekin batera egindako liburua da honakoa, eta Fernando Bernues antzerkilariaren ideia dy oinarri istorioak. Epaimahaiak hala azaldu ditu lan hori hautatzeko motiboak: “Literaturaz harago, heriotza, maitasuna, senitartekoen harremanak eta beste horrenbeste gai unibertsal jorratzen ditu, protagonistaren bizitzatik abiatuta”.
Horrez gainera, lana “baikortasunerako gonbit bat” ere badela nabarmendu dute. 18.000 euro jasoko ditu Canok ere, eta 4.000 euro gehiago liburua beste hizkuntza batera itzuliko balitz.
Jon Gerediagak irabazi du euskarazko literaturako Euskadi saria Zeru-lurren liburua-rekin (Elkar) eta David de las Herasek jaso du literatur lan baten ilustrazioaren Euskadi saria, Campos de Castilla lanagatik.
Guztira, zazpi Euskadi sari banatzen dituzte urtero, eta lehen hiruren berri eman dute oraingoz. Urriaren 18an jakinaraziko dituzte gainerako laurak, San Telmo museoan. Euskarazko literatur itzulpenarena, euskarazko saiakerarena, bai eta gaztelerazko literatur sariarena ere, zein gaztelerazko saiakerarena. Sari banaketa ekitaldia Gasteizko Artium museoan egingo dute, azaroaren 21ean.