«Ez dut 'familia guztiarentzako' artista epela izan nahi»
Hirugarren lan luze eta landuarekin dator Olatz Salvador musikaria (Amara Berri, 1990). Argitasunaren bilaketa bat izan da 'Zainak eman' lan berria. Ekoizpen landuagoa ez ezik, kezkak ere orain artekotik bestelakoak dira. Iluntasunetik harribitxiak erreskatatzeko lana egin duelako Salvadorrek.
«Zarataz haratago bilatu, agian hor nago». Zer topatuko dugu Olatz eraberritu honetan?
Gaur egun, ez dugu hutsunerik edo isiltasunerako momenturik, eta estimulazio basati honetatik ihes egiteko beharra nuen. Orain arte egindakoarekiko ezberdina den zerbait egin nahi nuen, apurtu. Zerbait berria kontatzen saiatu naiz, molde berri batzuekin.
Bota loreak zure lanari: zer lortu duzu?
Ausarta izatea lortu dut. Prozesu luzea izan da, eta lan eta buruko min asko eman dizkit. Egitea bera harro egoteko modukoa zait. Lortu dudan gauza garrantzitsuena izan da blokeo batetik irtetea, eta nire buruari sinestaraztea gai nintzela zerbait berria sortzeko.
Zertan izan duzu blokeoa?
Garai batean, sormena niretzako ihesbide bat zen, liberazio eremu bat. Orain, nire ogibidea da, zorionez, baina baditu handikapak: presioa, espektatibak betetzea… Orri zuriaren aurrean jarri, eta ez nekien kudeatzen. Neure buruarekin oso gogorra izan naiz.
Gorabehera pila bat izan ditut. Prozesua asko luzatu da, eta batzuetan oso sartuta zaude, eta beste batzuetan dena uzteko tentazioa izan dut. Zorionez, nire mamuei aurre egin diet eta irabaztea lortu dut.
Kolaborazio asko izan dituzu, letretan batez ere.
Mendi errusiarrean beheranzko aldean nengoen eta laguntza eskatu nien lagunei. Ez da bide zuzena izan: Karmele Jaiok letra bat egin zidan, oso polita zen arren ez nengoen konbentzituta, eta ezetz esan nion. Alaia Martinek ere beste bat, eta berdin. Azkenean, Izaro Bilbaok egin zuen, bere sare sozialetan ikusi nuen eduki baten harira. Jende top horrekin lanean, eta horrelakoak kudeatu behar izatea ez da erraza izan.
Nola da ezetz esate hori kudeatzea?
Elkarlan gehiago egin ditugu lehendik, eta gauzak ahalik eta argien esaten saiatzen naiz: «Nahi baduzu egin, eta ez baduzu nahi, ez, baina jakin, egiten baduzu posible dela ez joatea diskoan». Hori hasieratik argi uzten saiatzen naiz, eta lagunak garenez, uste dut ez dudala egorik zauritu.
«Sormena autobegiratzea da, eta hor hasten da norberaren sendatze prozesua»
Zein da Izaro Bilbaoren testu hori?
Zaldi zuri bat kanta. Karmelek hasitako letra zen hau, metafora horrekin geratu nahi nuen, baina ez zen zehazki kontatu nahi nuen istorioa. Izaroren estori bat ikustean, hitzak topatu egin nizkion nik kontatu nahi nuen istorio horri.
Insomnioari buruzko kanta zela ikusi nuen.
Izan daiteke insomnioa, antsietatea… Aldi berean mundu, oniriko bati erreferentzia da. Peter Pan gisako istorioak ekartzen dizkit gogora: gauerdian norbait zure bila etorri eta fantasia mundu batera eramaten zaituela. Anbiguotasun horrekin jolastu nahi nuen. Baina bai, niretzako bada insomnioa, sufritzen dudan eta sufritu nahiko ez nukeen zerbait delako.
Sinbolismo asko erabiltzen dituzu: ‘Basan’-en bideokliparen iruditerian tarotari erreferentziak egin dituzu.
Asko gustatzen zait honelako gauzetan sakontzea. Iruditeria sortzeko asko irakurri behar izan dut. Loreen hizkuntza aipatzen da kantuan, eta nik ez nekien zer zen: loreen bitartez esanahi zehatz batzuk.
«Zerbait daukat barruan, baina ez dakit zer den». Autoezagutzarako tresna bat da zure musika?
Klixe bat da, eta errepikapenaren errepikapenez pedantea geratzen da: baina musika terapeutikoa da niretzat. Sormena autobegiratzea da, eta hor hasten da norberaren sendatze prozesua. Askotan gertatu zait bere garaian hitzak egitea, eta gerora ulertzea zure iraganeko zu hori esaten ari zena. Ebatzi gabeko esaldi asko daude («ez dakit zer den», «zerbaiten zain nago»), eta sentitzen dut nire bidean ere hor nagoela.
Aurreko lanaren lasaitasunetik aldendu zarela dirudi, eta min gehiago dagoela orain.
Aho Uhal argitaratzerakoan, super iluna zela pentsatzen nuen. Ni ere nekatu nintzen gauza lasai horiekin pixka bat, eta zikintasun apur bat gehiago behar nuen. Kontraste gehiago.
Zaurgarritasun momentuak islatzen ditut, eta hemen, bereziki momentu ilun asko daude. Dirudienez, nire joera tristurara jotzea da. Orain beste puntu batean aurkitzen naiz, zorionez [barrez].
Minetik idazten duzulako da?
Barne borrokan bizi naiz, ni ere desiratzen nago gauza alaiei eta arruntei buruz hitz egiteko! [barrez] Disko hau oso transzendentala eta intentsitate handikoa da, baina nik ere lurrera jaitsi nahi dut, egunerokotasunari buruz hitz egiteko. Neure buruari horrenbeste garrantzirik ez emateko ordua da [barrez].
«Ez dakit non bilatuko dudan nik Andre horrek han topatzen duena». Barne munduaren eta espiritualtasunaren bilaketan al zaude?
Batzuetan esaten dut fede krisi batetik natorrela. Helduleku falta handia nuen, eta esperantza gutxi gizarte honengan. Etorkizun desiragarri batengan ez dut fede handirik. Itziar Ugarteren Atotxa poema irakurtzerakoan, nire amonarekin gogoratu nintzen. Bera oso fededuna da eta indar handia ematen dio horrek. Niri oso urruna egiten zait, ez dut inoiz konektatu horrekin.
Ez Dok Amairuko asko Elizaren kontra hasi eta kristautasunera bihurtu ziren.
Egia da, baina ni ez [barrez]. Jendeak zertan sinisten duen ikertzen saiatu naiz, eta tarotarena ere hortik zihoan. Zeri heltzen dio jendeak? Adibidez, topatu dut hinduismoan eta budismoan mantren errepikapenaren bitartez, meditazio egoera berrietara heltzen direla. Horrelako zerbait bilatu dut une batzuetan riff eta bestelako errepikapenen bidez.
Orduan, zertan sinesten duzu zuk?
Bilaketa asko, baina erantzun definitibo gutxi. Zerbaitetan sinestekotan, «zain» hitzaren inguruan dauden ideietatik abiatuta eraikiko nuke nire fedea: itxarotea, zaintza, erroak, sustraiak, zainak… Diskoak erantzun bat ematen badu, lotura horietan dago.
Ekoizpenari garrantzia handia eman diozu. ‘Nahi gabe’ kantuan, fondotik entzuten da aulkiaren soinua edo.
Pianoaren pedala entzuten da, bai. Nahastu ditugu gauza minimalak eta geruza pila bat. Asko zaindu dugu xehetasun bakoitza: dagoen guztiak zentzu bat dauka, eta koherentzia bat egin nahi genuenarekin. Aura elektronikoa izan arren, oso organikoa iruditzen zait.
Nolakoa izan da ekoizpen prozesua?
Bost aldiz joan naiz Kataluniara, estudioan lan egitera Pau Brugada eta Vic Molinerrekin. Hiru-lau eguneko lan saioak egiten dituzte, gehienez sei ordutakoak. Hasieran, esaten nuen: «Behin joanda, goazen gehiago zukutzera!». Baina haiek konturatu ziren ez zirela produktiboagoak ordu gehiago sartuta, eta norabidea galtzeko arriskua zutela. Eta honetan ere topatu dut poliki joateko eredu bat, eta oso baliotsua egin zait.
Luzea, beraz.
Disko bakoitza bukatzen dut pentsatzen azkena izango dela. Horrenbeste buruhauste eta konpromiso! [barrez] Esposizio hori, zeure burua saltzen egotea, ia-ia «era itsuan» sinistu behar izatea egin duzun horretan… oso nekagarria zait. Horregatik, bidean, une oro galdetu behar diot neure buruari ea ondo noan: hau egin nahi dut? Hau egin dezaket? Une oro berrasmatzen saiatzen naiz.
Jendeari galdetzen diozu, edo zeure buruari?
Neure buruari, noski. Nirea da bide hau. Jende asko izan dut inguruan, eta beti behar duzu zugan sinistuko duen jendea inguruan. Baina, adibidez, lagunen batek, lan berria entzuterakoan, harritu egin, eta ni babesteko asmoz, zalantza egin du: «Olatz, ziur zaude hau egin nahi duzula?». Eta, noski, ni ziur-ziur ez nago inoiz! Orduan bertigoa sartzen zaizu…
Askok ikusi zaitugu zure gitarra akustikoarekin taberna txikietan. Eta orain euskal eszenako ahots inportanteenetako bat zara. Zuk horrela ikusten duzu zeure burua?
Ez da hainbesterako [barrez]. Baina bai: Kristoren bidea egin dut, zerotik hasita, eta neure buruari aitortu egiten diot. Solasaldiak egiten ari naiz herriz herri, eta hasiera horiek ekartzen dizkidate gogora. Nostalgia polit bat ekartzen dit, eta Olatz gazte horrekiko kariño eta miresmena: ez dakit nondik atera zuen ausardia hori. Konektatua jarraitzen dut une horiei.
Oroitzen dut Kortxoenea gaztetxean, adibidez, mikrofonoaren oina zela makil bat pintura bote batean jarrita. Hortik nator eta hori aldarrikatzen dut.
Beste alde batetik, ez nuke ezer emantzat jo nahi. Areto handietara goaz orain, baina ez dakit zer pasatuko den. Akaso baten batean ez da sarrerarik saltzen, eta dena eroriko da. Ez dut ziurtasunik sortu dudan leku hau betirako denik.
Horregatik, nagoen lekuen nagoelako eskertzeko behar handia dut, eta babes handia sentitu dudalako. Neure buruari behin eta berriro gogorarazten diot. Zati batean nirea, eta zati batean jendearena delako gertatu den hau guztia.
Sare sozialetan, askotan erakusten dituzu musikariaren bizitzaren «beste aldeak».
Itzaleko lan bat agerian jartzeko pedagogia egiteko beharra sentitzen dut, baina neurria hartu behar zaio, zeren ez dut biktimarena egin nahi —batzuetan horrela hautematen den arren—. Batzuetan, esan behar da gure autonomoen bizitza nolakoa den: nire inguruan dagoen soldatarik baxuena dut nik. Horrelako gauzak jendeak ez dakizki, eta adibidez, cache bat eskatzerako orduan, hori ulertzea garrantzitsua da. Sare sozialak problematikoak dira: jendearengan proiektatzen dudana eta nire bidea ez datozelako bat.
Artista gisa zer beldur duzu? Zertan ez zenuke inoiz konparatua nahi izan?
Ez nuke —eta uste dut zuk ere ez— epela izan nahi [barrez]. Jendeak kokatu nau «familia guztiarentzako artista zuzen» gisa, eta ez dut hori izan nahi. Nire lanaren parte ikusten dut batzuetan egon nahi ez nukeen lekuetan egotea, aro edo bidesari gisa ikusten ditut, baina lotura mantendu nahi dut kolektibo eta mugimenduekin. Ez dut jendearengandik deskonektatu nahi. Ez nintzateke ni izango.
«Fede krisi batetik nentorren. Helduleku falta handia nuen, eta esperantza gutxi gizarte honetan»
Hiriaren inguruan gogoeta egin zenuen ‘Korapilatzen’ kantaren bertsio batekin. Protesta kantak zer leku du edo izan beharko luke zuretzat?
Protesta kanta entzutean Silvio Rodriguez edo holakoak etortzen zaizkit, baina protestak era askotakoak dira: Anariren azken diskoan kristoren aldarrikapenak egin ditu, baina hori protesta kanta da?
Egia esan, ni-tik idatzitako kanta asko egin ditut, eta orain gu-an egoteko beharra dut; bai eta protesta egiteko ere. Hiriaren egoeratik hasita: ni jada ez naiz Donostian bizi, aurkezpen kontzertua Errenterian egingo dut… esanguratsua da. Donostian etengabe espazioak galtzen ari gara eta ez dugu topatzen non bizi, non aisia, non kultura. Agian datorren diskoa protesta kantaz osatutakoa izango da.
Generoarekin lotutako gogoeta ere dago: neska gisa hezi gaituztenak ez gaudela horren lotuta haserrearekin, protestarekin, desatsegina izatearekin… Horren bilaketa egin dut disko honekin, baina are gehiago arakatu nahi dut. Pertsona eroso bat ez izatea, ezta ere ez-kaltegarria.
Aldatzen ari da panorama, generoari dagokionean?
Jarri dizkiguten arauekin bat egiten ez duten emakumeak ikusteak izugarri pozten nau. Talde pila bat daude: Pinpilinpussies, Brava, Euskoprincess, Ginger, Mikosis, Basu, Ines Osinaga…
Protesta bat, baina hedonismoa ere bilatzen dudan zerbait da: gozamena eta dantza egitea, askatasun eremu gisa. Aurreko diskoa 2021ean atera genuen, pandemia betean, eta kontzertuak eserita ziren, musukoekin. Orain kontrakoa nahi dut: zutik eta dantzan.
Emakumeen artean sarea sortzen ari zarete.
Superbibentziagatik ari gara emakume musikariak elkartzen. Batzuek diote berdintasuna badagoela eta ikusgarritasuna eman nahi digutela antolatzaile askok —gutxiago gara eta plaza gehiago eman dizkigute—. Baina nola iritsi gara, zer baldintzetan, eta zergatik? Geure burua gutxietsia ikusi dugu artista gisa, asko gogoratu digutelako emakume izateagatik gaudela toki batzuetan.
Emakume musikarion artean eztabaida asko ditugu, adibidez, kuoten inguruan. Baina horretaz gain, denok sentitu ditugu egoera oso antzekoak: gutxiespenak, ezberdin tratatzea, erasoak… Elkartzen garenean konexio indartsua sortzen da, geure musika proiektuak ezberdinak diren arren. Gauza batzuetara ohitu gara, baina normalizatuta ditugun gauza batzuk ez dira normalak. Eszenako emakumeak %15 izatea ez da kasualitatea.
Alex Sarduiren kasuan, inportantea izan da saretuta egotea. Akaso, bakarrik, aurre egiteko ez zaude horren indartsu. Baina kasu honetan, taldean aurre egitea garrantzitsua da. Irainak eta kritikak jaso ditugu.
«Ez dut jendearengandik deskonektatu nahi. Ez nintzateke ni izango»
Zer gustatuko litzaizuke aldatzea?
Lehenengo lerroan emakume gehiago gaude orain, baina agian ez gara horren adituak geure instrumentuetan, ekoizpenean, gitarren efektuetan… Belaunaldi berrietan aldaketa dator: Eirekoak, adibidez. Eire Salegi super frikia da gauza horietan, jakin nahi du nola egiten den guztia… horrelako jendea botatzen nuen faltan, eta badator. Oxala emakume friki asko!
Gizonez osatutako eremua izaten jarraitzen du euskal kulturak.
Neure proiektuak ere emakume izena darama, baina orain arte nire musikariak gizonezkoak ziren soilik. Orain Esti Beraza hasiko da teklatuan eta ahotsetan.
Nekatu zara inoiz?
Onintza Enbeitiari irakurri nion: orain arte iraun badut, orain ez noa. Izan banaiz taldeko emakume bakarra, Hatortxu Rockeko emakume bakarra, 60 gizonezkorekin afaltzen emakume bakarra… ez dut orain utziko, euskal eszena eraldatzen ari den honetan! Gainera, oraindik badago zer egina: euskal panoramaren izebergaren puntan gizonezkoek jarraitzen dute. •