Internet bidezko erreserba sistema bat jarri du abian Tabakalerak
Makusi artxibo plataforma ere berritu dute. 12 mila baliabide inguru ditu, argazki, testu, bideo, audio eta irudi dokumentuen artean.
Tabakalerak bi berrikuntza garrantzitsu aurkeztu ditu. Batetik, Internet bidezko erreserben sistema bat abiatu dute, zerbitzu eta baliabideetarako sarbidea hobetzen duena. Bestetik, Makusi artxibo plataforma berritu dute. Baliabide hauekin, Tabakalerak beste urrats bat egin du bere zerbitzuak erabiltzaileen beharretara egokitzeko, eta esperientzia arinagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko konpromisoan.
Erreserba sistema berria
Tabakaleran eskuragarri dauden baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea nabarmen hobetzea du helburu Internet bidezko erreserba sistema berriak. Lehenago, gailuen eta espazioen erreserbak telefonoz, posta elektronikoz edo aurrez aurre egin zitezkeen Tabakaleran bertan. Orain, horrezaz gain, erabiltzaileek zuzenean kudeatu ahal izango dute guztia webgunetik. Prozesu hori digitalizatzeak erabiltzaileen esperientzia optimizatzea eta Medialab Tabakaleraren baliabide guztiak eskuragarriago egitea du xede.
Hilaren 15etik aurrera egongo da eskuragarri sistema berria Tabakalera txartela dutenentzat. Gailu teknologiko ugari erreserbatzeko aukera emango du; hala nola, argazki kamerak, bideokamerak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, mikrofonoak, josteko makinak eta abar. Gainera, gailuak ez ezik, Medialabeko zenbait espazio erreserbatzeko aukera izango da; bileretarako negutegiak eta platoa, besteak beste.
Makusi berritua
Tabakalerak erabat eguneratzea erabaki du Makusi artxibo plataforma. Antolatzen dituzten jardueren artxibotik haratago, funts ugari bildu, katalogatu eta jendearen eskura jartzen dituen gune digitala indartu dute.
Medialabek datu base honen kudeaketan 2011etik metatutako esperientziarekin, Makusi tresna bizi eta garaikide bihurtu da, egungo zein historiako materialak biltzen dituena. Etorkizunerantz begira jartzeko gaitasunarekin, plataforma formatu eta funtzio berriak hartzeko prestatuta dago. Gainera, ondare historikoak biltzen ditu; hala nola, DSS2016EU eta Artelekukoak. Gaur egun, Makusik 12 mila baliabide inguru (11.779) biltzen ditu, argazki, testu, bideo, audio eta irudi dokumentuen artean. Eduki horietarako sarbidea doakoa da eta lizentzia irekien bidez eskaintzen da, Tabakalerak software librearekin eta ondare partekatuarekin duen konpromisoaren ildotik. Hiru hizkuntzatan nabigatu daiteke plataforman barrena, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Plataformaren diseinua optimizatu egin da erabiltzailearen esperientzia hobetzeko, informazioaren hierarkia argi batekin, eduki garrantzitsuenetara erraz iristeko aukera ematen duena. Bilatzaile intuitiboak aukera ematen du bilaketa zehatzak egiteko hainbat iragazki erabiliz, eta horrek emaitza egokienak aurkitzea errazten du.
Makusi plataforman Bildumak izeneko atal berri bat gehitu dute, gaikako komisariotza sakonagoa ahalbidetzen duena. Gainera, webak hainbat funtsetako edukiak aldi berean esploratzeko aukera ematen du, nazioarteko metadatuen estandarren bidez elkarreragingarritasuna bermatzen baitu, eta horrek edukiak beste gordailu batzuekin konektatzea errazten du.