Gogotsu astindu dituzte danborrak eta upelak Martutenen
Jaietan murgilduta daude Martutenen, eta larunbat eguerdia girotzeko, danborrada ederra egin dute. Auzotarrek, danborrak eta upelak hartu, eta txarangaren laguntzaz askotariko abestiak jo dituzte auzoko kaleetan zehar, jaietako zapiak eta kamisetak uniforme gisa zituztela. Eguraldia lagun, jende asko animatu da danborrada ikustera, eta ondoren, elkarrekin bazkaltzera joan dira ikastolako jolastokira.
Herri bazkariaren ondoren, Matraka elektrotxaranga izango da Martutenen, eta gauean, 21:00etatik aurrera, kontzertuez gozatzeko aukera izango da parkeko karpan: Black Smoke, Su Ta Gar eta Javi Hidalgo DJ-a. Hemen ikus dezakezue jaietako egitaraua osorik.