HAPOaren aurkezpena egin dute Gros, Egia eta Ulia-Ategorrieta barrutian
HAPOaren aurrerakina aurkezten ari da udala auzoz auzo, herritarrek ekarpenak egin eta, gutxienez, “erantzun bat eman” ahal izateko. Groseko, Egiako eta Ulia-Ategorrietako bizilagunak bildu ziren joan den ostegunean Zuhaizti ikastetxean, eta prozesu parte hartzailea diseinatu duten RAZ eta Osoigo enpresetako Ander Gortazarrek eta Xabier Muruak gidatu zuten saioa. Bestalde, udalaren ordezkari gisa egon ziren Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia, Jon Chavarri hirigintzako zuzendaria eta Olatz Mujika partaidetzako teknikaria.
Aurrerakinaren laburpen bat egin zuten dinamizatzaileek, hemen ikus daitekeena.
Azaldu zutenez, Grosen eta Egian jada ekipamendu nahikoa dagoela argudiatuta, ez dira asko aurrerakinean proposatzen diren ekipamendu berriak: GOe Basque Culinary Center (“eraikitzeko bidean”), Uliako Lore Baratzak (“aukera, parkearen osagarri gisa”) eta Aldakonean egin nahi diren etxebizitzaren inguruko garapenak dira bakarrak.
Lore Baratzen inguruan ez zen inolako xehetasunik eskaini, baina Aldakoenean bai: etxebizitzak aurreikusten dira. Zehazki, proposamenean jasotzen da 150 etxebizitza egitea, horietatik %38 izango ziren soilik babestuak —legeak exijitzen duenaren azpitik, alegia—, beste garapen bati lotuta egitea proposatzen delako. Gaiak hautsak harrotu zituen 2021ean, bertan egindako hitzarmena bertan behera utzi zelako, besteak beste, ez zelako nahikoa etxebizitza babestu proposatzen.
Etxebizitza berriei dagokionean, beste garapen bat proposatzen da aurrerakinean: Mundaizen 188 etxebizitza, horietatik %40 babestuak. Mundaizerako beste aukera bat aztertu egin zen, etxebizitzen ordez jarduera sozioekonomikoak izango lituzkeen espazioa sortzeko, baina ez da aurrerakinean sartu.
Etxebizitza proiekturik proposatzen ez den arren, Grosen eragin “handia” izan dezaketen bi araudi berri proposatzen dira: batetik, etxebizitzetako lehen solairuetan bizitzeko baimenak ematea, beti ere zona ekonomikoetatik aldenduta badaude. Bigarrenik, etxebizitzen banaketak egitea baimentzea, etxebizitza gehiago ateratzeko. Kasu horietan, babes maila bat izatea aztertuko da.
Aurrerakinean proposatzen den beste jarduera Urumeako ibaiadarraren inguruan egin nahi den eraldaketa da. Ibaiertzeko errepidearen presentzia murriztu, eremu honen aisialdirako erabilera indartuz, bulebar izaera bermatzen duen diseinu baten bidez.
Hurrengo saioa, urriaren 30ean
Bizilagunek ez zuten parte hartzeko denbora gehiegirik izan, eta galdera praktikoetara jo zuten, hurrengo saioak zertarako izango ziren alegia. Azaldu zutenez, urriaren 30ean egingo da hurrengo saioa eta bertan bost edo zazpi mahaitan banatuko dira, lehentasunak eztabaidatuz.
Prozesuaren “lotesle” mailaz galdetuz zuen bizilagun batek, ea bertan esandakoa kontuan hartuko den, edo “puskatutako zaku batean geratuko den”. Dinamizatzaileek erantzun zutenez, parte hartzearen helburua bizilagunen iritziak bertan sartzea da, eta batez ere, udalak konpromisoa hartzen duela erantzun bat emateko: “Gutxienez aztertu egingo dira, erantzun bat emateko: baiezko edo ezezko esateko”.
Ez da gutxi. Datorren saioa, beraz, urriaren 30ean izango da 18:00etan Zuhaizti ikastetxean. Hasieran, 31n jarrita zegoen, baina aldatu egin dutela gogorarazi dute.