Konponbidea dute helmuga
Ehunka ziklistek lasterketak "normaltasunez" antolatzeko aukera eskatu dute Donostiako kaleetan.
Manifestazio jendetsua egin zuten atzo Donostian, Konponbidea! lelopean. Gipuzkoan txirrindularitza lasterketak antolatzeko dauden zailtasunak salatu zituzten, eta horiek “normaltasunez” antolatzeko erraztasunak eskatu zizkieten agintariei.
Ehunka ziklistek belodromoaren eta Bulebarraren arteko bidea egin zuten hainbat autoren babesarekin. Euskal Herri osoko txirrindularitza talde eta federazioetako kideek parte hartu zuten atzoko manifestazioan.
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritza ohiak deitu zuten martxa —uztailean eman zuten dimisioa—, eta beraiek izan ziren bukaeran hitza hartu zutenak. Santi Osoro presidente ohiak azken hilabeteotan eskatu dutena errepikatu eta berretsi zuen. Hau da, trafiko arduradunek trabak jartzen dizkietela lasterketak antolatzeko. Horrela, konponbidea dute helmuga.