Leire Martinezek La Oreja de Van Gogh taldea utziko du
Leire Martinezek La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria izateari utziko dio. Hala iragarri dute, gaur goizean, sare sozialetan zabaldutako ohar baten bitartez: “Musikaz eta emozioz beteriko 17 urte zoragarriren ondoren, Leireren eta La Oreja de Van Goghen ibilbide profesionalek bide ezberdinak jarraituko dituztela iragarri nahi dugu”.
Azaldu dutenez, “erabakia gogorra eta zaila izan da, baina hausnarketa eta elkarrizketa sakonen ondoren etorri da”. Gaineratu dutenez, halaber, ez dute lortu euren bizitzeko moduak “hurbiltzea” eta, horrenbestez, amaitutzat jo dute euren ibilbide artistikoko “etapa liluragarri bat”.
Leire Martinezek 2008tik zeraman La Oreja de Van Gogh taldean. Amaia Montero ordezkatzera sartu zen orduan, Factor X telebista saiotik igaro ondotik. Hain zuzen, Martinezen irteera bat dator Amaia Monteroren itzulera zurrumurruekin. Nolanahi ere, taldekideek eta abeslariak ustezko itzulera hori gezurtatu dute azken hilabeteotan.