Agur Sorleku eta herritarren parte hartzea: parking bat eraiki nahi du udalak Marrutxipin
Donostiako Udalak ez du haurrentzako parkerik eraiki nahi Marrutxipin. Horren ordez, hainbat solairuko disuasio parking bat eraikiko dute. Honela, amaiera emango diote 2018. urtetik aurrera, Sorleku parkea eraikitzeko parte hartze prozesuari.
IRUTXULOKO HITZA-k baieztatu duenez, atzo bildu zen udalaren gune publikoen batzordea, eta bertan aurreratu zuen Juantxo Marrero zinegotziak bertan parking bat egitea aurreikusten duela udal gobernuak. Proiektuaren inguruan ez dago xehetasun gehiagorik, oraindik aztertzen ari direlako, baina 130 plazako hainbat solairutako parkinga izan daitekeela dirudi.
Edonola ere, proiektu honek ateak itxiko dizkio behin betiko Sorleku parkearen proiektuari. 2018an abiatu zen egitasmoa, udalaren MartxUp proiektuaren bitartez, urte luzez hutsik eta erabilerarik gabe ia 6.000 metro koadroko azalera duen eremua biziberritu asmoz. Alubi elkarteko Larraitz Esnaolak eta Idoia Morenok auzoarentzako espazio bat sortzeko proiektua abiatu zuten, eta udalaren laguntzaz, parte hartze prozesua abiatu zuten.
2018 eta 2019 urteen artean, Zurriola Ikastolako 300 haurrekin parte hartze prozesu bat egin zuten, haurrek nahi zuten parkea diseinatu zezaten. Haurren ideia eta proposamenetan oinarrituta, Sorleku parkearen nondik norakoak planteatu zituzten, eta beste parte hartze prozesu bat egin zuten 2021ean, auzoko adinekoekin, elkarteekin, eta abarrekin, Ekialdeko Barrutiaren babesarekin. Donostiako Udalaren webgunean proiektua ikus daiteke oraindik.
Intxaurrondoko auzo elkarteak, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak hainbatetan kritikatu dute udalaren atzerapena proiektuarekin. Honela mintzatu zen EH Bildu: “Arduragabekeria da auzoak partaidetza prozesu batean murgiltzea, jendea ilusioz inplikatuz eta deialdi publiko bidez proposamen bat irabazle izan ostean, horri guztiari bide ez ematea”.