Bretxako baserritarrak 2025eko lehen erdirako lekualdatuko dituzte
Arkuak eraikin atzean behin betiko postuak jartzeko proiektua onartu du udalak.
Bretxako emakidadun ohiarekin izandako arazoez harago, baserritarrek urteak daramatzate Arrandegi eraikin aurreko behin-behineko postuetan. Lekualdaketaren inguruko epe ugari eman dizkiete, baina bakar bat ere ez da bete. Salmentarako postu iraunkor eta egokiak behar dituzte, eta, orain, badirudi udalak benetako urratsa egin duela eskaera hori betetzeko.
Gaur onartu dute Arkuak erakinaren atzean baserritarrak jartzeko markesinen proiektua. Udalak Donostia Sustapenaren esku utzi du, Bretxako emakidadun berria delako. Proiektuaren aurrekontua 494.621 eurokoa da.
Epeari dagokionez, 2025ko lehen erdirako prest egotea aurreikusten du udalak. Izan ere, markesinak fabrikatu, eta kokatzeko lekuak egokitu behar dira. Horretarako, gutxienez lau hilabete beharko direla uste du Eneko Goia alkateak. Horiek horrela, datorren urteko ekaina baino lehen baserritarrak lekuz aldatuta egon daitezkeela uste du.