«Marrutxipin disuasio aparkaleku bat jartzeko aukera aztertzen ari gara»
Eneko Goia alkateak baieztatu du Sorleku parkea jarri ordez, aparkaleku bat jartzeko proiektua dutela mahai gainean.
Intxaurrondoko Dbusen kotxetegi aurrean dagoen lursailean zer jarri aztertzen ari da Donostiako Udala. Are gehiago, Eneko Goia alkateak adierazi du ez dutela horren inguruko erabakirik hartu. Marrutxipiko leku horretan Sorleku parkearen proiektua garatzea onartu zuen udalak, baina ez da horrela izango. Udal gobernuak disuasio aparkaleku bat jartzea aurreikusten duela aurreratu zuen atzo Juantxo Marrero Obra eta Proiektuetako zinegotziak, udaleko Gune Publikoen Batzordean.
Horren inguruan galdeginda, Goiak aitortu du aparkalekuaren proiektua mahai gainean dutela. Aldiz, Sorleku parkearen proiektuarekin zer gertatuko den ez du argitu. “Leku horretan aparkaleku bat jartzeko asmoa zegoen, parke bat jartzeko parte hartze prozesua egin aurretik. Halere, udaleko teknikariek aukera hori baztertu zuten lur azpian duen ekaitzen tangarengatik. Orain, ordea, teknikariek diote disuasio aparkaleku bat jar daitekeela”, azaldu du Goiak.
Alkateak gaineratu duenez, udaleko Obra eta Proiektuak Sailaren proposamena da Marrutxipiko lursail horretan disuasio aparkaleku bat jartzearena. “Hainbat alternatiba ditugu mahai gainean, eta erabaki bat hartu beharko dugu”, adierazi du Goiak.
Urtetan utzita
Marrutxipiko lursailak urte asko daramatza hutsik eta erabilerarik gabe. Ia 6.000 metro koadroko azalera du eremuak, eta Alubi elkarteko Larraitz Esnaolak eta Idoia Morenok auzoarentzako espazio bat sortzeko proiektua abiatu zuten 2017an.
Ondoren, 2018 eta 2019 urteen artean, Zurriola Ikastolako 300 haurrekin parte hartze prozesu bat egin zuten, haurrek nahi zuten parkea diseinatu zezaten. Haurren ideia eta proposamenetan oinarrituta, Sorleku parkearen nondik norakoak planteatu zituzten, eta beste parte hartze prozesu bat egin zuten 2021ean, auzoko adinekoekin, elkarteekin, eta abarrekin, Ekialdeko Barrutiaren babesarekin. Ordutik, ordea, proiektua geldirik dago.