Dolores Redondo, Adania Shibli, Carmen Mola eta Enrique Vila-Matas izango dira Literaktum jaialdian
Azaroaren 11tik 24ra bitartean egingo dute aurtengo Literaktum jaialdia, Donostiako hainbat espaziotan. Letrak zeruertzean izango du izenburu aurtengo jaialdiak, eta literaturaren eta gatazka sozial, politiko eta gerren eta horien ondorioen arteko harremanak aztertuko dituzte. Egoera bidegabeetatik eratorritako indarkeria eta gatazkek behartutako migrazioen ondoriozko nortasun eza ere izango dira mintzagai Literaktumen.
Idazle ezagunak hartuko ditu jaialdiak, eta beste egile askoren artean, Literaktumen izango da Dolores Redondo, Las que no duermen NASH, azaroaren 13an argitaratuko den eleberriaren lehen aurkezpena egiten. Redondorekin hitzordua, azaroaren 18an izango da Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Adania Shibli idazle palestinarra ere izango da Donostian, euskarara Detaile xume bat izenez itzuli berri den Un detalle menor, bere herrialde okupatuan kokatutako nobelaz mintzatzen. Okendo K.E.n izango da, azaroaren 22an, 19:00etan.
El Clan eleberriaren sortzailea den Carmen Mola berriz, Lugaritz K.E.n arituko da azaroaren 23an, 19:00etan. Eta Luis Martin-Santos idazlearen heriotzaren mendeurrenean, Enrique Vila-Matas arituko da hark idatzitako Tiempo de silencio nobelaz, azaroaren 14an, 19:00etan, San Telmo museoan.
Jaialdia hasi aurretik, Literaktum aperitifa izango da, lehen aldiz. Azaroaren 7an, 19:00etan, Ernest Lluch K.En izango da hitzordua eta Martin Caparros sortzaile argentinarra eta Antes que nada, bere memoriak biltzen dituen lana izango dira protagonista.
Gainerako ekitaldiak
Antolatutako programazioaren barruan, Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sarien banaketa hartuko du literatura jaialdiak. Ekitaldian, kontakizun liburua eta antzerkia modalitateak sarituko dira, euskaraz zein gaztelaniaz. Azaroaren 16an izango da ekitaldia, 19:30ean, Antzoki Zaharrean. Bertara joateko gonbidapenak azaroaren 13an, 11:30etik aurrera, eskuragarri izango dira Donostiakultura.eus webgunean, Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta kultur etxeetan, Loiolan salbu.
Literaktum Txikiak berriz, ilustrazio lehiaketa hartuko du aurten ere. Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako lehiaketa izango da, eta Toti Martinez de Lezeak sortutako Nur pertsonaiaren abenturak dira ilustraziorako gaia. Marrazkiak Donostiako Haur Liburutegi Nagusian eta kultur etxeetako liburutegietan aurkeztu beharko dira urriaren 28tik azaroaren 12ra (biak barne).
Literaktum jaialdia Donostiako hainbat espaziotan gauzatuko da, hala nola: Donostiako kultur etxeetan, Viktoria Eugenia Antzokian eta bertako Klub aretoan, Antzoki Zaharrean, Kutxa Fundazioa Klubean, San Telmo museoan eta hiriko hainbat liburu dendetan.